Next Generation
Europako funtsek bere inbertsioaren % 30 babestea nahi du Hidrogenoaren Euskal Korridoreak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
41 proiektu dituzte esku artean, eta aurten 200 milioi euro inbertituko dituzte horietan. Proiektuen artean dago Abanto-Zierbenako (Bizkaia) teknologia parkea.
Hidrogenoaren Euskal Korridoreak (58 enpresa ditu) nahi du bere inbertsioen % 30-40 inguru Next Generation Europako funtsek babestea; hots, 2026ra arte 1.500 milioi euroko diru-laguntzak jasotzea.
Elkarlan publiko-pribatua oinarri, hidrogenoaren teknologia garatzea du xede korridoreak. Besteak beste, Petronor, Nortegas eta Irizar enpresak ditu atzean, eta 41 proiektu ditu gaur-gaurkoz esku artean. Aurten, orotara, 200 milioi euro inbertituko dituzte horietan.
Hala, bost urteko epean, 2026ra arte, 1.500 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute, eta helburua da diru horren % 30-40 Europatik jasotzea.
Jose Ignacio Zudaire presidenteak astelehen honetan Bilbon azaldu du hori dela aurreikusitako batezbestekoa, nahiz eta zenbait proiektuk diru gutxiago beharko duten, eta berriagoak diren egitasmo batzuek gehiago.
Izan ere, hilabeteotan laguntzak jasotzeko lehenengo deialdiak egin dituzte.
Gauzak horrela, aurrera begira dituzten proiektuen artean daude Abanto-Zierbenako (Bizkaia) teknologia parkea (Bilboko portutik gertu) eta Zornotzako fabrika, non hidrogeno berdea ekoitziko duten. Biak ala biak 2022ko bukaeran edo 2023ko hasieran egongo dira martxan, aurreikusitakoaren arabera.