Itxi

Abiadura handiko trena

AHT Bilbon eta Gasteizen lurperatzeko protokoloak sinatu dituzte Espainiako Gobernuak eta EAEko erakundeek

EiTB Media

Bi hiriburuetan geltokiak lurperatzeko konpromisoa berretsi dute akordioek, baina Bilboren kasuan, Basaurik behin-behineko geltokia hartuko du Bizkaiko hiriburuaren lurpeko azpiegitura eraiki bitartean. Protokoloek ez dute finantziaziorik zehazten.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Abiadura handiko trena (AHT) Bilbon eta Gasteizen integratzeko protokoloak sinatu dituzte Espainiako Gobernuak eta EAEko erakundeek. Bi hiriburuetan geltokiak lurperatzeko konpromisoa berretsi dute akordioek, baina Bilboren kasuan, Basaurik behin-behineko geltokia hartuko du Bizkaiko hiriburuaren lurpeko azpiegitura eraiki bitartean. Protokoloek ez dute finantziaziorik zehazten, ezta obrak amaitzeko epeak ere.

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, Raquel Sanchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroarekin, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiarekin eta Juan Mari Aburto eta Gorka Urtaran Bilboko eta Gasteizko alkateekin batera, AHT Bilbon eta Gasteizen trenbideak integratzeko protokoloak sinatzeko ekitaldian parte hartu du.

Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzan egindako ekitaldian, Garraio Ministerioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek (Eusko Jaurlaritza, Arabako Aldundia eta Bilboko eta Gasteizko udalak) hiriburuetan abiadura handiko trena (AHT) integratzeko lanak banatu dituzte protokoloan, baita Abando eta Dato geltokian lurperatzeko obrak ere.

Iragan abenduan, aurrekontu orokorren negoziazioan zehar, Moncloak eta EAJk itxitako akordioaren arabera, Eusko Jaurlaritzak lan gehienak hartuko ditu bere gain.

Garraio Ministerioak proiektua zuzentzeari utziko dio nolabait, aldez aurretik Gipuzkoako tartearekin egin bezala, baina lan burokratiko batzuk aurrera eramango ditu Espainiako Gobernuak, baita trenen trafikoari eragiten dion oroz arduratzea ere.

Iragan abenduan iragarri bezala, Eusko Jaurlaritzak bi proiektuen obra zibila bere gain. Horrela, finantziazioa aurreratu eta lanen zati bat aurrera eramango du, baina ondoren Espainiako Gobernuak dirua itzuliko dio (Kupoaren bidez), AHT sarea Estatuaren azpiegitura bat delako. Hitzarmenak erakundeen borondatea berretsi du, esparru guztietan lankidetzan aritzeko.

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ez da eperik ematen ausartu, eraikuntza proiektuaren xehetasunen berri izan arte, baina "baikor" agertu da prentsaurrekoan.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea "pozik" agertu da sinadurarekin. "Proiektua bilbotarrentzako, bizkaitarrentzako eta euskal herritarrentzako ona" izango dela ziurtatu du alkateak. "Argi daukat, proiektua asko luzatu da", onartu du Aburtok. "Horregatik, konfiantza berreskuratzea oso garrantzitsua da", azpimarratu du agintariak. "Hau benetako hasiera da", gaineratu du.

Raquel Sanchez Garraio ministroak iragarri duenez, Gasteizen AHT integratzeko lanen oinarrizko proiektua urteko lehen hiruhilekoan lizitatuko da. Era berean, Arkautiko lotunearen oinarrizko proiektua "laster" lizitatuko dutela baieztatu du ministroak.

Bideoak (1)