Iruña Oka (Araba)
Enpresa batek 40.000 oiloko etxalde erraldoi bat eraiki nahi du Tresponden
EITB MEDIA
Radio Vitoriak jakin ahal izan duenez, Ovo 12 konpainiaren egitasmoa da. Enpresak Hobea bezalako arrautza markak merkaturatzen ditu. Kooperatibak obra eta jarduera lizentzia eskatu dio dagoeneko Iruña Okako Udalari.
Tresponden (Iruña Oka, Araba) oilo etxalde erraldoi bat eraikitzeko proiektuak kezka sortu du bertako bizilagunen artean, Radio Vitoriak jakin ahal izan duenez. Ovo 12 konpainiak aurkeztu du egitasmoa, eta dagoeneko obra eta jarduera lizentzia eskatu dio Iruñako Okako Udalari. Tresponde 260 biztanleko herria da.
Udala espedientea aztertzen ari da. Miguel Angel Montes alkateak baloraziorik egitea baztertu du. Azaldu duenez, eskaerak "legezko tramitea jarraitu" behar du, eta "ez da prozesu laburra izanen", administrazio ezberdinek esku hartu behar dutelako.
Itxaso Latorre Batzorde Administratiboko presidentea, ostera, etxalde handiaren ondorio negatiboekin kezkaturik agertu da. Airearen eta lurzoruaren kutsadura eta usain txarrak aipatu ditu.
"Inork bere etxetik gertu nahi ez dituela uste dut", esan du. "Araudi guztiak betetzen direla ikusi beharko. Kezka eragiten dizkiguten proiektuak dira, positiboki ez digutelako eragiten, guztiz kontrakoa", ohartarazi du.
Ildo beretik, Davide di Paola EH Bilduko zinegotziak proiektua zehaztugabe dagoela adierazi du. Egitasmo mota horiek udalerri txikietan eraikitzea kritikatu du koalizioko ordezkariak, Gasteiz bezalako hiri handiek araudia zorrotzagoekin eragozten dituzten bitartean.
Oposizioko zinegotziak erantsi duenez, "hasiera batean, 150 oilorentzako proiektua aurkeztu zuten, ondoren, bi egun geroago, 3.000 ziren, baina 30.000 hartzeko gaitasunarekin, azkenean prentsak 40.000 oiloren berri eman du, eta are gehiago izan daitezke".