Itxi

EAEJAN

Auzitegiak ebatzi du Bizkaian ezin dela behartu Errenta aitorpena Internetez egitera

AGENtziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Erabiltzaile batek jarri zion salaketa Bizkaiko Foru Aldundiari. Aldundiak helegitea iragarri du, ez duelako bat egiten Auzitegiak egin duen "interpretazioarekin".

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Bizkaiko PFEZ araudiaren zati bat bertan behera uztea ebatzi du, errenta aitorpena Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan aurkeztu behar izatearen puntua hain zuzen ere.

Bizkaiko Aldundiak ohar batean azaldu duenez, auzitegiak arrazoia eman dio salaketa sartu zuen herritar bati aitorpena nahitaez Internet bidez egin behar izatearen eta jakinarazpenen inguruan.

Gatazka 2021eko errenta aitorpenarekin hasi zen, orduan ekin baitzion Bizkaiko Foru Aldundiak errenta aitorpenaren eredu berriari. Protesta ugari eragin zuen, tartean pentsiodunen mugimenduarena. Apirilaren 27an Bizkaiko Aldundiak akatsak onartu zituen kalkuluan, eta 29an Unai Rementeria ahaldun nagusiak barkamena eskatu zuen eredu berriaren "buruhausteengatik".

Errenta aitorpenaren eredu berriak pentsiodunen kexa ugari eragin ditu

Herritar batek salatu zuen komunikazio bidea Internetera mugatu zutela eta auzitegiak arrazoia eman dio hein batean.

Foru Aldundiak esan du ez duela bat egiten "Auzitegiak egiten duen interpretazioarekin", herritarrek "aitorpena Internetez, telefonoz eta aurrez aurre" egiteko aukera izaten jarraitzen dutela.

Aldundiak zehaztu du aurreko urtean, % 25,6k aurkeztu zuela errenta aitorpena telefonoz, bulegoetan edo automatikoki.

Jakinarazpenen kasuan, berriz, Aldundiak azaldu du "paperean ere" bidaltzen dizkiela "egoitza elektronikoan sartzen ez diren pertsonei".

Hori dela eta, helegitea iragarri du Auzitegi Gorenean, baina, era berean, indartu egingo du aitorpena telefonoz eta aurrez aurre egiteko arreta zerbitzua.

 

Albisteak (3)