ARRANTZA
Antxoa eta hegaluze kuotak autogestionatu ahal izatea eskatu dute baxurako euskal arrantzaleek
EITB MEDIA
Hauek dira baxurako espezie nagusien 2022ko behin-behineko kuotak: berdela, 8.500 tona; antxoa 25.250 tona, eta hegaluzea: 17.700 tona.
Aurtengo baxurako arrantzu-kanpaina aurkeztu dute gaur goizean Donostian egin duten ekitaldian. Hauek dira baxurako euskal arrantza-ontzien 2022ko behin-behineko kuotak: berdela, 8.500 tona; antxoa 25.250 tona, eta hegaluzea: 17.700 tona. Gipuzkoako Kofradien Federaziotik azaldu dutenez, "azken hamar urteetako kuotarik altuenak" dira eta euskal arrantzaleek "ilusioz" ekingo diote aurtengo kanpainari.
Donostiako Kofradia-Itsas Etxean egin den ekitaldian, baxurako arrantzaren sektoreak 2022an izango dituen aurreikuspenak eta erronkak zehaztu dituzte. Bertan izan dira Eugenio Elduayen Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidentea, Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendaria eta Miren Garmendia Opegiko zuzendaria.
Eugenio Elduayenek berdelaren eta txitxarroaren kuoten funtzionamenduaren garrantzia azpimarratu du, espezie horietan kuoten kudeaketa partekatua dela argituz. Beste era batera esanda, kuota banatuta dagoenez Euskadiko Arrantza Federazioek autogestionatu dezakete eta banaketa objektibo eta bidezkoa egin Euskadiko baxurako flotaren artean. Gaineratu duenez, une honetan lanean ari dira Euskaditik antxoaren eta hegaluzearen kuotak ere autogestionatu ahal izateko. Espezie horiek euskal baxurako flotaren fakturazioaren % 83 izan ziren.
Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendari Leandro Azkuek azpimarratu duenez, antxoa eta hegaluzearen arrantzaren kudeaketa gaurkotu egin behar da, "beste espezie batzuen kudeaketa moduen emaitzak" ikusita.
Leandro Azkuek iazko kanpainaren errepasoa ere egin du. Pandemia gorabehera, euskal arrantzaleek % 9 hegaluze gehiago harrapatu zuten eta antxoa % 37 gehiago. Aurtengo kanpaina normaltasun handiagoz egin ahal izatea espero du.
Bestalde, pandemiaren bilakaerak ahalbidetzen badu, Antxoa Eguna, Hegaluze Eguna edota baxurako kanpainak sustatzeko ekitaldiak berreskuratzea posible izango dela uste du Azkuek. Ildo horretan, ekitaldi horietan parte hartzera deitu ditu herritarrak, baina, batez ere, sasoiko arraina kontsumitzera.
2022. urtea Artisau Arrantzaren eta Akuikulturaren nazioarteko urtea izendatu du Nazio Batuen Batzar Nagusiak.