Itxi

GARRAIO PUBLIKOA

Metro Bilbaoren 5. linea egiteko lanak urrian hasiko dira

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Lanek 360 milioi euroko kostua izango dute, eta Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdi bana ordainduko dituzte. Aurreikusitako epeak betez gero, metroa 2027an iritsiko da Galdakaora, eta bi urte geroago, ospitalera.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bilboko metroaren 5. linea egiteko lanak urrian hasiko dira, eta horiek amaitutakoan Galdakaoko ospitaleraino iritsiko da.

6,3 kilometroko luzera izango du, eta bost geltoki izango ditu: Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko Ospitalea. Gainera, konexioa izango du Busturialdetik eta Durangaldetik datorren Euskotrenen linearekin. Lanek 360 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta horri Euskotrenekin lotzeak eragingo duen kostua gehitu beharko zaio. 

Bilbo eta Galdakaoko ospitalea lotuko dituen metroaren 5. lineak 360 milioi euroko kostua izango du, eta Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdi bana ordainduko dute, Europar Batasuneko Next Generation funtsen zain egon gabe.

Bi erakundeek maiatzean sinatuko dute finantzatzeko hitzarmena. Aurreikuspenen arabera, hilabete horretan bertan lizitatuko ditu Euskal Trenbide Sareak (ETS) proiektuaren lehenengo bi zatiak, abuztuan esleituko dira obrak eta urrian hasiko dira lanak.

Epeak betetzen badira, metroa 2027an iritsiko da Galdakaora, eta bi urte geroago, ospitalera.

Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak metroaren 5. linea bultzatzea erabaki dute. Argazkia: Irekia.

Urkullu: "Proiektua definituta dago eta aurrera eramateko finantza-gaitasuna daukagu"

Bilbo eta Galdakaoko ospitalea lotuko dituen metroaren 5. lineari buruzko azalpenak eman dituzte gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakariak, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak.

"Proiektua definituta dago eta aurrera eramateko finantza-gaitasuna daukagu. Ados jarri gara eta azpiegitura hori % 50ean finantzatzeko konpromisoa hartu dugu", esan du lehendakariak. Europar Batasuneko Next Generation funtsei itxaron gabe erabaki dute lanak hastea. Urkulluren esanetan, ordea, azkenean dirua Euskal Autonomia Erkidegora heltzen bada, euskal erakundeek 5. linea egitera bideratutako dirua "askatu" eta beste inbertsio batzuk "bizkortu" ahalko dituzte.

Bideoak (1)