Espainia
Pandemiari lotutako aldi baterako lan erregulazioko espedienteak martxoaren 31ra arte luzatu dituzte
Agentziak | EiTB Media
Hala ere, enpresek Gizarte Segurantzari ordaintzen dizkioten kuoten salbuespena 20 puntu jaitsiko da.
Espainiako Gobernuak eta Estatuko gizarte eragileek pandemiarekin zerikusia duten aldi baterako lan erregulazioko espedienteak martxoaren 31ra arte luzatzea erabaki dute, langabeziako prestazioak mantenduz, baina enpresentzako salbuespenak jaitsiz.
UGTko eta CCOOko iturriek jakitera eman dutenez, Espainiako Gobernuak astearte honetako Ministroen Kontseiluan onartuko du neurria. Epe berriak enpresei lan erreformako eredu berrietara egokitzeko denbora emango diela uste dute sindikatuek.
Trantsizio hilabetean, aldi baterako erregulazioek langileen babesari eutsiko diote, baina enpresek Gizarte Segurantzari ordaintzen dizkioten kuoten salbuespena 20 puntu jaitsiko da. Espainian 100.000 pertsona daude aldi baterako lan erregulazioan, eta mekanismoa otsailaren 28an bertan behera geratu behar zen.
CCOOk azaldu duenez, salbuespenak % 80tik 60ra pasako dira trebakuntza egitasmoak dituzten enpresetan. Tankerako planik ez duten konpainiak, aldiz, % 40ko salbuespena izatetik % 20ra pasako dira 10 langile edo gehiago dituztenean, eta % 50etik 30era 10 behargin edo gutxiago dituztenean.
Bestalde, ezinbesteko erregulazioak direnean % 90 salbuetsiko zaie enpresei.
Bestalde, bidaia agentziak babesteko RED mekanismoa martxan jartzea adostu dute eragileek eta Espainiako Exekutiboak. Sektore kaltetuenetako bat da, afiliatuen % 30 lan erregulazioan dagoelako.
Era berean, jardunari uztea kobratzen ari diren 110.000 autonomoei kotizazioen salbuespena mantenduko die Inklusio Ministerioak. Deskontuak % 90ekoak izango dira martxoan, % 75ekoak apirilean, % 50ekoak maiatzean eta % 25ekoak ekainean.