Gutxieneko diru-sarrera
Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ofizial egin dute bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eskualdatzea
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Adostutakoa baino 16 hilabete geroago, Jaurlaritzak prestazio horren transferentzia osoa eta epe mugarik gabe jasoko du. Josu Erkoreka lehen lehendakariordea pozik agertu da Jaurlaritzak "herritarrei bizitza errazteko aukera" izago duelako baina Estatutua betetzeko "erritmo motela" deitoratu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkari nagusiak bertan zirela, Transferentzien Batzorde Mistoak ofizial egin du bizitzeko gutxieneko diru-sarreren (BGDS) eskumena Euskal Autonomia Erkidegoaren esku geratzeko akordioa.
Madrilen egin dute sinatze ekitaldia, transferentzien egutegian zehaztutakoa baino ia bi urte geroago. Protokolozko urratsa eginda, Eusko Jaurlaritza arduratuko da prestazio sozial hori izapidetzeaz, aitortzeaz eta ordaintzeaz. Hala, Lanbideren esku geratuko dira aipatutako BGDS laguntza zein diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE). Herritarrek leihatila bakarrean eskatu ahalko dituzte laguntzok. Transferentzia osorik eta epe muga barik eskuratuko du Jaurlaritzak, Jose Luis Escriva Espainiako Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak egindako proposamen murriztailea gaindituta.
Bileraren ostean eskainitako prentsaurrekoan Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Batzordeko presidenteak sinaduraren garrantzia azpimarratu du EAEk beste eskumen bat bereganatu duelako eta "aitortutako Autogobernuan aurrera" egiten delako. Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera eskuratuta, "herritarrei euren bizitza errazteko aukera" izango dutela nabarmendu du. "Bizitza duina izan ahal izateko gutxieneko diru-sarrera batzuk izateko laguntza behar dutenek orain leihatila bakarra izango dute. Izapide administratiboak sinplifikatuko ditugu", erantsi du.
"Egiaztatu dugu negoziatu eta adostu daitekeela eta urrats eraikigarriak eman daitezkeela, ezer hautsi gabe, tabua izan den gai batean, Gizarte Segurantzan", esan du.
Idoia Mendia bigarren lehendakariordea eta Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko sailburuak ondoan zituela, Erkorekak transferentzien negoziazioaren argi-ilunak azalarazteko baliatu du agerraldia. Oraindik 20 bat eskumen daude Jaurlaritzaren esku uzteko, eta Gernikako Estatutua astiro ari da gauzatzen, lehendakariordearen iritzian. Gogorarazi duenez, Transferentzien Batzorde Mistoaren azken bilera 2021eko maiatzean izan zen, eta aurrekoa, 2020ko irailean; "erritmo motela daramagu", deitoratu du.
Dena dela, espero du "Estatutua osorik betetzeko Espainiako Gobernuaren konpromisoarekin" eta "Estatutua osorik betetzearen aldeko apustua egiten duen EAJ-PSE koalizio-akordioa"ri esker, Euskadiren eta Espainiako Estatuaren arteko negoziazioetan "arrakasta" izatea. "Orain Gernikako Estatutuaren azeleragailua sakatzea behar dugu, aurten 43 urte beteko baititu eta oraindik ez baita osatu", aldarrikatu du.
Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburu eta bigarren lehendakariordeak esan du "albiste bikaina" dela transferentzia horren sinadura. Horri esker, zerbitzua kudeaketa gomendio bidez egin barik, herritarrei "zerbitzu oso, integral eta disfuntziorik gabekoa eskaini" ahalko zaiela. Mendiaren hitzetan, "gaur eskumen bat sinatu baino gehiago egin dugu, frogatu dugu elkarren arteko lana politika erabilgarria dela pertsonentzat eta autogobernuarentzat".
Hemendik aurrera, prestazioa "azken 30 urteetan Euskadik garatu duen gizarte arretako sistema konplexuan integratzeko erronka" du Lan eta Enplegu Sailak.
Bestalde, Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko sailburu eta EAEren izenean negoziazioen buru izan denak ere poza azaldu du lortutako eskuduntzarekin. "Frogatuta geratu da posible dela Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketan sakontzea, ezer hautsi gabe", azpimarratu du.
Eusko Jaurlaritzak eskumenen alorrean erakutsitako "jarrera proaktiboa" ekarri du gogora. Izan ere, abendutik hainbat transferentziren inguruko proposamenak helarazi dizkiote Ministerioari, oraindik erantzunik jaso ez duten arren.
Azkenik, zehaztu du sailburu denetik bost eskumen jaso dituela EAEk, "baina egiteke dauden transferentzien katalogoa oraindik zabala" dela. Horren harira, honakoa bota du: "Transferentzia bakar bat egiteke dagoen bitartean, emandako hitzak eta Estatutuak bete gabe jarraituko dute".
Espainiako Gobernua: "Sanchez presidente denetik, 11 transferentzia eskualdatu ditugu"
Azkenik, Isabel Rodriguez Lurralde Politikako ministroak iragarri du eskumena Espainiako Aldizkari Ofizialean zein Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean (batera kaleratuko dute) argitaratzen dutenean sartuko dela indarrean. "18.000 familiari, 33.000 pertsonari eta 9.000 adingaberi egingo die mesede", nabarmendu du. Rodriguezen hitzetan, eskualdatzea Espainiako Gobernuak Gernikako Estatutua "ahalik eta gehien garatzeko duen konpromiso eta borondate politikoaren erakusle" da. Izan ere, argitu duenez, "Sanchez presidente denetik, 11 transferentzia eskualdatu ditugu. Aurreko gobernuan 0 izan ziren".
Azkenik, iragarri du bizitzeko gutxieneko diru-sarreren transferentzia Nafarroako Gobernuaren esku uzteko prozesua "oso aurreratuta" dagoela eta aurki emango dutela horren berri.