Energia
CAFen atal bat geldirik egongo da gaur eta bihar, energiaren kostu handiagatik
Agentziak | Eitb Media
Forja eta tratamendu termikoaren atalean "birplangintza" bat egin da eta aurreikusitako lana beste egun batzuetara pasako da, "energia-kontsumo handia" duen atala delako. Beharginek, hala ere, lanean jarraitzen dute.
CAFen Beasaingo (Gipuzkoa) plantako forja eta tratamendu termikoaren atala gelditu egin da gaur -eta bihar ere hala egingo du-, "produkzioaren birplangintza" baten barruan.
Enpresako iturriek zehaztu dutenez, "atal jakin bati eragiten dio", baina, hala ere, langileek ez diote lan egiteari utziko, beste zeregin batzuetan ariko baitira. Hala, "planifikazioa aldatu" eta atal horretarako aurreikusitako lana beste egun batzuetara pasatzea erabaki da, "energia-kontsumo handia" duen atala izanik, energiaren kostua baxuagoa den egunetara pasatzeko. Beste atal batzuetan lan-karga dutela aprobetxatu dute plangintza aldatzeko.
Bihartik aurrera, egoera baloratuko dute, eta horren egoeraren arabera hartuko dituzte erabakiak.
Grebak "eragina izango du"
Bestalde, CAFek normaltasunez lan egingo du egun hauetan, baina astelehenean hasi zen garraio grebak jarraitzen badu, "luzera eragina" izango duela adierazi dute enpresako iturriek, materiala banatu eta jasotzen duten kamioien menpe baitago lantegia.
CAFeko iturriek Europa Pressi azaldu diotenez, "oraindik goiz da" lanuzteak lantegiarengan izan dezakeen eragina neurtzeko, "hasi berria da". Hala ere, greba luzatzen bada, "luzera eragina" izango duela uste dute.
Hala, azaldu dute une honetan biltegian material nahikoa dutela lantegietako ekoizpenarekin jarraitzeko, baina onartu dute espazio horiek "mugatuak" direla, eta, beraz, grebak eragina izan dezakeela etorkizunean.