Itxi

Garraiolarien greba

Patronal handi batzuek, horien artean Fenadismerrek, lanuztearekin bat egin dute

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Nahiz eta Espainiako Gobernuak CNTCrekin akordio bat iragarri, bertako patronal batzuk adostutakoaren aurka agertu dira.

Ehunka kamioilariren protesta Iruñeatik gertu astelehenean. Argazkia: EFE

Patronal batzuek, horien artean Fenadismerrek, astearte honetatik aurrera garraiolari txikiek duela zortzi egun abiatutako grebarekin bat egitea erabaki dute, Espainiako Gobernuak agindutako dirulaguntzen zehaztasun falta argudiatuz.

Nahiz eta Espainiako Gobernuak Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionalarekin (CNTC) akordio bat iragarri, bertako patronal batzuk adostutakoaren aurka agertu dira.

Fenadismer patronalak 32.000 garraio enpresa baino gehiago (enpresa txiki eta ertainak eta autonomoak) ordezkatzen ditu, eta guztira 50.000 ibilgailu baino gehiago dituzte.

Era berean, Fetransa Errepide Bidezko Federazio Nazionalak bat egin du grebarekin, eta Feintra Garraiolarien Federazio Independenteak (2.900 kide ditu) ere babesten du.

Hiru elkarte horiek Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionalean (CNTC) daude, Espainiako Gobernuarekin interlokuzioa duen plataforman, hain zuzen ere. Martxoaren 14an greba abiatu zuen plataformak, aldiz, esan du CNTCk ez dituela garraiolari autonomoak ordezkatzen.

Horren aurrean, Fenadismer, Fetransa eta Feintra elkarteek adierazpen bateratu batean azaldu dutenez, Exekutiboak gasolioaren prezioa murrizteko planteatutako "konpromisoaren gutunean ez da neurria zehazten, ezta nola artikulatuko den ere". Are gehiago, Gobernuak ez du zehaztu "garraiolari bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zein den, eta garraiolari arin zen astunetara helduko ote den".

Horrela, nahiz eta "neurriak iragartzea positiboa" izan, egoeraren aurrean "ez da nahikoa", horien ustez, eta "iritzi berekoak dira duela astebete greban diren garraiolariak".