Elkarrizketa Radio Euskadin
Barkala (Bilboko Portua): "Greba lehenbailehen desaktibatu beharko litzateke, 29ra arte itxaron gabe"
Mikel Dominguez | EITB Media
Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak ez du uste edukiontziak pilatuko direnik, portuaren edukiera handia baita. Aurreratu duenez, aurten inoiz baino gurutzaontzi gehiago helduko dira.
Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak uste du Espainiako Gobernua "lehenbailehen" saiatu beharko litzatekeela garraiolarien greba desaktibatzen, hurrengo Ministroen Kontseiluan, martxoak 29, neurriak hartzeko itxaron gabe.
"Ez dago beste aukerarik. Guztiekin hitz egin behar da", esan du Barkalak Radio Euskadin garraiolariekin negoziatzeari buruz. "Kamioiak kudeatzen dituzten plataformetan haserre daude", esan du.
Portu barruan arazorik ez dagoela azaldu du Barkalak, baina garraioaren sektoreko egiturazko arazoen eta piketeen ondorioz, kamioiak Bilboko Portuan sartzeko "zailtasunak" izaten ari dira. Lau edukiontzitatik bat trenbidez ateratzen dira, betiko proportzioan, eta errepidez irten beharko litzatekeen zama ezin da atera "kamioirik ez delako sartzen".
Hala ere, portuko arduradunak ez du uste edukiontziak pilatuko direnik, ezta produktu galkorrekin arazoak izango direnik ere. "Horretarako grebak asko iraun beharko litzateke eta oso txarto joan beharko litzateke. Edukiontzien zelaiak 2 milioi TEUko edukiera dauka, eta momentu honetan 600.000 TEU daude beteta. Itsasontziak etortzeko, zama kentzeko eta pilatzen joateko edukiera dago", azaldu du.
Garraioaren grebak eta Ukrainako gerrak, pandemiaren eta zamaketarien grebaren ostean, "ekaitz perfektua" osatu dute. Portua "ekonomiaren termometroa" da, Barkalaren hitzetan. Zentzu horretan, 2022rako suspertze ekonomikoa berrikusi dute: % 7ko hazkundetik % 2kora igaro dira aurreikuspenak. "Gure trafikoa jaisten ari bada, euskal industriaren aktibitatea jaisten ari delako da", esan du.
Bestalde, Barkalak baikortasunez begiratu dio udako denboraldi turistikoari, eta Bizkaira inoiz baino gurutzaontzi gehiago helduko duko direla uste du, errekorrak hautsiz: "79 gurutzaontzik geldialdia egingo dutela dugu aurreikusita. Ez bada ezer gertatzen, albiste ona izango da".
Athleticeko presidentegaia
Portuko presidenteak Athleticeko hauteskundeetan lehiatuko da, Aitor Elizegi oraingo presidenteak denboraldi amaieran deitzen baditu. Bere helburua klubaren "egiturak modernizatzea" da.
Barruko "zatiketa" handicapa da Athletic bezalako talde "desberdin" batentzat. Horregatik, beste egiturak "ukitu" behar direla uste du. "Ea gai garen erabaki aproposak hartzeko filosofia mantenduta", esan du.
Errege Kopa bezalako titulu bat irabazteko kirol helburuarekin, Barkalak oso argi uste du talde zurigorriak Euskal Herriko jokalari onenak izan behar dituela. Bere ustez, taldeen aurrekontuak "berdintzen ari dira" eta agian Athletic ez da lehen bezain "erakargarria". Bere nahia "Athleticen jokatu dezakeen orok Athleticen jokatu nahi izatea" da.