Euskadiko enpresak
Ukrainako gerrak eta garraioaren grebak Euskadiko gero eta enpresa gehiagori eragiten die
N. B. | EITB Media
CAF, Nafarroako Volkswagen, Mercedes Gasteiz, Papresa Errenterian, Sestaoko ACB eta ArcelorMittal Olaberria egungo egoeraren eraginpean daude. Mezua argia eta kezkagarria da, panorama laster argitzen ez bada zerrenda hau hazi egin daiteke.
Ukrainako gerrak eta garraio sektorearen grebak aurrera jarraitzen dute. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industria batzuk geldirik daude; beste batzuek, aldiz, aldizkako geldialdiak egiten dituzte. Okerrena da epe laburrean ez dela irtenbiderik ikusten, eta baliteke enpresa gehiagok geldialdi orokorrak egin behar izatea egoera konpontzen ez bada.
Hori da CAFen kasua, Beasainen eta Irunen geldialdia egingo dute asteazken honetan, garraio grebaren ondorioz hornidurarik ez dutelako.
Nafarroako Volkswagenek eta Gasteizko Mercedesek ekoizpena eten zuten atzo, astelehena, garraio sektoreko grebaren ondorioz piezarik ez zegoelako, eta Michelin zain dago, lau egun gelditu ondoren. Papresa (Errenterian) paper-fabrikak jarduera geldiarazi zuen joan den astean arrazoi beragatik.
Gerraren ondorioek, Errusiari jarritako zigorrek eta arazo logistikoek enpresa siderurgikoetan txatarra eta galdategietarako osagairik eza eragin dute.
Bizkaiko Aceria Compacta (ACB), Sestaon (Bizkaia) kokatua, asteazken honetan, martxoak 23, hasiko da berriro ekoizten, joan den hilaren 9tik elektrizitatearen kostu handiagatik geldirik egon ondoren.
Bestalde, ArcelorMittal Olaberrian (Gipuzkoa) duen lantegiak "aldizka" lanean jarraitzen du, eta kostu elektrikoa zertxobait txikiagoa den ordu-tarteak aprobetxatzen ari da.
Cementos Lemonak ere berehalako lanuzteak iragarri ditu.
Mezua argia eta kezkagarria da, panorama laster argitzen ez bada zerrenda hau hazi egin daiteke.