Itxi

Bilera Madrilen

Garraiolariak eta Espainiako Gobernua 20-30 zentimoko laguntzak negoziatzen ari dira erregaiaren prezioan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Nahiz eta lanuzteak deitu, Garraioaren Defentsarako Plataforma Nazionalak ez du bileran parte hartzen, Espainiako Gobernuak ez baitio zilegitasunik ematen. Horrela gauzak, greba bertan behera uztea "guztiz" baztertu du Plataformak, batzarrean gauza bat zein bestea gertatu.

Garraiolarien eta Espainiako Gobernuaren arteko bilera. Argazkia: EFE

Espainiako Gobernuak eta garraiolariek 17:00etan berriz heldu diote negoziazioari, sektoreari emango zaizkion laguntza zuzenak zehazteko. Bilera 11:30ean hasi da. Akordioa itxi arte ez dira mahaitik altxako, EiTB Mediak jakin ahal izan duenez.

Gasolioaren prezioaren igoera orekatzeko, garraiolariei aurkeztuko dien azken proposamena prestatzen ari da Exekutiboa dagoeneko, sektoreko elkarteek jakitera eman dutenez.

Proposamenak Frantzia, Italia eta Portugalen adibideak jarraitzen ari dira; izan ere, apirilaren 1etik aurrera 15-30 zentimoko beherapenak aplikatuko dituzte erregaiaren prezioan.

Bileran parte hartzen ari diren eragileen arabera, erregai litroko 20 eta 30 zentimo arteko beherapena aplikatzea mahai gainean dago. Zati bat Estatuak ordainduko luke, eta bestea operatzaileek.

Espainiako Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionalak ordezkatuta, gasolioaren hobariak 500 milioitik 1.000 milioi eurora igotzeko eskatu diote garraiolariek Gobernuari, elkarteak berak Europa Press albiste agentziari jakitera eman dionez.

Horixe da, beraz, Errepideko Nazioarteko Garraioaren Elkarteak (Astic) egin dion eskaera. Batzorde Nazionala eratzen duten 12 elkarteetako bat baino ez da Astic, baina talde horren % 85 ordezkatzen du.

Erregaien zerga jaisteko tarte gutxi duenez (Europako araudiak baimendutako gutxienekoa du Espainiak), eta garraiolariek BEZa desgrabatzeko aukera dutenez, Gobernuak 500 milioi euroko hobariak proposatu zituen.

Abantaila fiskal hori existitzen da dagoeneko "gasolio profesionala" deituriko neurriari esker. Horren bidez, garraiolariei litroko 4,9 zentimo (gehienez) itzultzen zaizkie, gasolindegietan ordaintzen dutenetik.

Bilera Madrilen. Argazkia: EFE

Horrenbestez, ostegun honetan egin duten bileran adostutako neurriak zehaztu bitartean, itzulitako diru kopurua handitzea ekarriko dute 500 milioi horiek. Horrek esan nahi du 1.000 milioi euroko proposamena onartuko balute, bikoiztu egingo litzatekeela itzuli beharreko diru kopurua. 

Horrekin lotuta, Gobernuak aurreratu duenez, hilero itzuliko diete kamioilariei dirua; orain arte, hiru hiletik behin ordaintzen zieten. Horrela, egonkortasun handiagoa izango dute aurrerantzean garraiolariek, batez ere, autonomoek eta enpresa txikietakoek, maniobra tarte txikiagoa baitute.

Gaurko bilera merkantzietako garraiolariekin izan bada ere, bidaiarien joan-etorriez arduratzen den sektoreak ere ostegun honetan jasoko du Gobernuaren erantzuna.

Nahiz eta lanuzteak deitu, Garraioaren Defentsarako Plataforma Nazionalak ez du bileran parte hartzen, Espainiako Gobernuak ez baitio zilegitasunik ematen.

Horrela gauzak, greba bertan behera uztea "guztiz" baztertu du Plataformak, batzarrean gauza bat zein bestea gertatu. Manuel Hernandez Plataformako presidenteak adierazi duenez, "oinarriko" kamioilariak eta gidariak ez daude bileran ordezkaturik. Bestalde, ostiral honetarako Garraio Ministerioko egoitza aurrean deitutako manifestazioa "jendetsua" izatea espero du Hernandezek.

Fenadismer, Fetrans eta Feintra patronaletako bazkideek Plataformaren grebarekin bat egin dute.