GREBA GARRAIOAN
ArcelorMittalek Bergarako lantegia gelditu du produktuak jasotzeko eta banatzeko arazoak dituelako
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bestalde, Sestaoko ACB lantegiak jardunari ekin dio gaur berriz ere, argindarraren prezioen igoera dela hilaren 9tik ekoizpena geldi izan ostean.
Arcelor Mittal Bergarak (Gipuzkoa) bere jarduera eten du astearte honetan, garraiolarien grebaren ondorioz ez direlako Olaberriako lantegitik produktuak iristen, eta ezin delako ekoizpenaren banaketa egin. Konpainiak Euskadin dituen lantegietan arazoak geroz eta handiagoak dira bai garraiolarien geldialdiagatik, baita energiaren kostu handiengatik ere.
Enpresako iturrien arabera, alde guztietan ari dira arazoak sortzen, eta konponbiderik ezean, lantegia ixtea erabaki dute. Oraingoz, Olaberriako lantegiak "aldizka" jarraitzen du lanean, baina hornidura- eta bidalketa-arazoak ditu dagoeneko, eta, beraz, ez dakite "zenbat egun iraun ahal izango dituen eten barik".
Gaur bertan, Adegi Gipuzkoako patronalak ohartarazi du Gipuzkoako enpresen % 22k astebete baino gutxiagoan beren jarduera gelditu beharko dutela, garraiolarien grebak jarraitzen badu.
Etxebarriko lantegiari dagokionez, "ondo ari dira lanean, zailtasun handirik gabe", baina "hasi dira arazo gutxi batzuk sortzen". Altzairuzko bobina falta dago eta lerroren bat geldituta. Halaber, Basauriko banaketa-zentroak ere arazoak ditu materiala banatzeko.
Bestalde, Sestaoko ACB lantegiak jardunari ekin dio gaur berriz ere, argindarraren prezioen igoera dela hilaren 9tik ekoizpena geldi izan ostean.