Energia
Erregaiaren prezioak gutxienez 20 zentimoko hobaria izango du litro bakoitzeko kontsumitzaile guztientzat
Mikel Dominguez | EITB Media
Pedro Sanchezek iragarri duenez, gainera, Espainiak eta Portugalek argindarraren fakturan gas naturalaren erreferentziazko prezioa murriztuko dute elkarrekin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Erregaiak hobariak izango ditu orokorrean, gutxienez 20 zentimokoak litro bakoitzeko, kontsumitzaileentzat zein garraio alorreko profesionalentzat. Bihar, asteartea, Ministroen Kontseiluak onartuko dituen neurri garrantzitsuenetariko bat da. Gaur aurreratu ditu Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, hitzaldi batean.
Estatuak 15 zentimo jarriko ditu, eta gutxienez 5, petrolio-enpresek. Izan ere, Sanchezek azaldu du petrolio-enpresen laguntza handiagoa izan daitekeela, eta batzuk horrela egiten ari direla dagoeneko.
Era berean, Sanchezek iragarri du Espainiak eta Portugalek argindarraren fakturan gas naturalaren erreferentziazko prezioa murrizteko proposamena egingo diotela Europako Batzordeari, aurreko astean onartutako "iberiar salbuespena" baliatuta.
Aurreko ostiraleko Europako Kontseiluaren bileran baimena eman zieten Iberiar penintsulako bi estatuei, salbuespen neurri gisa argindarraren prezioa murriztu dezaten, "uharte energetikoa" osatzen dutelako.
Zentzu horretan, Sanchezek neurria defendatu du ez delako "gasari dirulaguntzak ematea", ezta "energia berriztagarrientzako pizgarriak apurtzea". Era berean, "ez du desitxuratzen Europako argindarraren merkatua", baina "elektrizitatearen prezioak berehala jaistea ahalbidetuko du".
Txoke-plana
Erregaiaren hobari orokorra eta argindarraren prezioaren beherapena gerraren ondorio ekonomikoen aurkako txoke-planaren zati bat dira. Bihar onartuko du Ministro Kontseiluak, 16.000 milioi euroko balioarekin: 6.000 milioi laguntza zuzenetan eta zerga-beherapenetan, eta 10.000 milioi gehiago ICO kredituetan.
Planaren helburua da "sektore eta herritar zaurgarriak babestea" eta "gerraren ondorio negatiboak modu bidezkoan banatzea", baita "dagoeneko hasi dugun susperraldi ekonomikoaren eta enpleguaren sorreraren bidea ahalik eta gehien babestea ere".
Era berean, alokairuen igoera % 2ra mugatuko da, % 15 handituko da bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren zenbatekoa, eta bonu elektriko soziala beste 600.000 familiari zabalduko zaie; beraz, ia bi milioi etxetara iritsiko da.
Energiari dagokionez, gasaren prezioaren mugaz gain, berriztagarrien, kogenerazioaren eta hondakinen ordainsari-sistemaren eguneratze bat aurreratu du Sanchezek, 1.800 milioiko beherapena ekarriko duena. Ekainaren 30era arte luzatuko da, halaber, merkatu elektrikoan "gehiegizko etekinak" murrizteko mekanismoa.
Gobernuko presidenteak batasun politikoa eskatu du egoera honen aurrean. "Zer gehiago gertatu behar da bat eginda erantzuteko?", galdetu du.