GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Apirilaren 4tik aurrera errenta aitorpenaren autolikidazio proposamena onartu ahal izango da Gipuzkoan
EITB MEDIA
Autonomoei eta egungo krisiak gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko hartu berri diren neurriak aplikatuko dira kanpaina honetan.
Gipuzkoan ekin diote errenta aitorpenaren kanpainari. Atzotik, milaka gipuzkoar hasiak dira 2021eko errentaren autolikidazio-proposamena jasotzen. Kanpaina ekainaren 30ean amaituko da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 280 milioi euro itzuliko dizkie zergadunei.
250.000 autolikidazio-proposamen inguru igorriko ditu Gipuzkoako Ogasunak, eta datorren astelehenetik aurrera, hau da, apirilaren 4tik aurrera, irekiko da horiek onartzeko epea.
Ohi bezala, modu telematikoan edo aurrez aurre egiteko parada egongo da. Hala, Interneteko modalitatea aukeratzen duenak, hiru egun geroago, apirilaren 7tik aurrera egin ahal izango du eskaera, ekainaren 30era arte. Aurrez aurre egin nahi duenak, berriz, apirilaren 12tik, asteartea, aurrera egin ahal izango du, orduan irekiko baitute hitzordua hartzeko epea. Hitzordu presentzialak apirilaren 19an hasi eta ekainaren 30ean amaituko dira.
Bizi dugun egoera gorabehera, "arlo ekonomikoan azken ekitaldia urte ona" izan dela adierazi du Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak 2021eko Errenta kanpaina aurkezteko goizean egindako agerraldian.
Hala ere, egungo egoera ekonomiko zailak zuzenean eragingo dio 2021eko Errentaren kanpainari. "Une honetan, egoera ekonomiko zaila dugu: prezioen igoera, krisi energetikoa, hornidura falta, Ukrainaren aurkako inbasioa, tentsio geopolitikoak", azpimarratu du Peronak. Hala, hasi berri den kanpainan atzo hiru aldundiek autonomoei eta egungo krisiak gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko adostutako neurriak aplikatuko direla jakinarazi du.
"Gipuzkoan, kanpaina honetan bertan aplikatu ahal izango da laguntza fiskal hori, eta, beraz, berehala emango diegu likidezia. Hau da, gure eskumen fiskala estutzen dugu krisi hau gehien pairatzen ari direnei laguntzeko ", nabarmendu du Peronak.