Deskontua erregaietan
Nola ezarriko dute 20 zentimoko deskontua gasolindegietan?
Agentziak | EITB MEDIA
Erregaiaren beherapenak 133 milioi euroko kostua izango du EAEn. Kontsumitzaileek 65 euro aurreztuko dituzte dieselaren kasuan, eta 75 euro gasolinaren kasuan, datozen hiru hilabeteetan.
Datorren ostiralean sartuko da indarrean erregaiaren prezio-igoera arintzeko Espainiako Gobernuak onartutako gutxieneko 20 zentimoko erregai-litroko hobaria, aurtengo ekainaren 30era arte iraungo duena.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Hidrokarburoen gaineko Zergaren hobaria zuzeneko deskontu gisa egingo da. Ondoren, gasolindegiek hobaria itzultzeko eskatu beharko diete foru-kutxei, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak azaldu duenez, "gaur egun hidrokarburoen gaineko zergan gasolio profesionalarekin egiten den bezala".
Deskontu horrek 133,6 milioi euroko kostua izango du Euskadin, neurria indarrean egongo den hiru hilabeteetan. Horrela ondorioztatzen da Ogasun Ministerioko (Gestha) teknikariek astearte honetan zabaldutako kalkuluetatik.
Proiekzioen arabera, 2021eko bigarren hiruhilekoko kontsumoetan oinarrituta, Euskadik 668.000 litro erregai (gasolina, A gasolioa eta B gasolioa) kontsumituko ditu datozen hiru hilabeteetan.
OCUren arabera, batez besteko etxe batentzat 65 euro aurreztuko dira dieselaren kasuan, eta 75 euro gasolinaren kasuan, datozen hiru hilabeteetan.
OCUk salatu duenez, erregaien prezioek, beherapena gorabehera, urte hasieran zeuden prezioen oso gainetik jarraituko dute, eta erregaien prezioak kontrolatzea eskatzen du, neurri horren ondorioz prezioak modu anomaloan igo ez daitezen.
Gasolioa % 25 inguru igo da martxoan
A motako gasolioak litroko 1,849 euroko batez besteko prezioa zuen astearte honetan gasolindegietan, otsaileko azken astean erregistratu zen prezioa baino % 23,59 gehiago.
95 oktanoko gasolinaren kasuan, Espainiako 11.500 estazio baino gehiagoren batez besteko prezioa litroko 1,823 eurokoa zen, otsaileko azken astean baino % 13,37 gehiago.
Europar Batasuneko Petrolio Buletinak (EB) martxoaren 3an zabaldutako zifren arabera, otsaileko azken astean gasolina litroko 1,608 euroan saldu zen batez beste, eta gasolioa 1,496 euroan.