Krisi energetikoa
Arazoak gasolindegietan erregaien beherapenaren lehenengo egunean
agentziak | eitb media
Sistema informatikoetan gorabeherak izaten ari dira eskari handiari aurre egiteko, eta auto-ilarak sortu dira gasolindegi batzuetan.
Espainiako Gobernuak eta Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionalak adostu zuten erregai litroko 20 zentimoko beherapena ostiral honetan, apirilaren 1ean, sartu da indarrean. Neurria ekainaren 30era arte izango da martxan, baina hortik aurrera ere luzatu ahalko dute.
Hala, arazoak izaten ari dira neurria aplikatzen hasi eta lehenengo orduetan, erabiltzaileen eskaera oso handia delako, eta auto-ilara batzuk ere sortu dira.
Repsol konpainiatik azaldu dutenez, Espainiako Estatu osoan ari dira arazoak izaten ostiral goizean, bezero andana bertaratu delako gasolindegietan.
"Operazioak pilatzen ari dira. Horregatik, sistemak mantsotzen ari dira, baina unean uneko gertakariak izaten ari dira", azaldu dio konpainiak Efe albiste-agentziari.
Gainera, gasolindegi batzuetan ateak itxi behar izan dituzte ezin zutelako ordainketak erregistratzeko eta beherapena aplikatzeko sistema informatikoan sartu.
Gauerditik aurrera eta hiru hilabetez, gasolindegietan gutxienez 20 zentimoko beherapena egin beharko diete bezero guztiei erregai litroko, Espainiako Gobernuak aginduta.
Herritarren eta enpresen poltsikoei erregaiaren garestitzeak eragindako zuloa arintzeko hartu du neurria Espainiako Gobernuak; izan ere, otsailaren 24an Errusia Ukraina inbaditzen hasi zenetik, gasolioaren prezioa % 25 garestitu da, eta % 14 gasolinarena, Espainiako Estatuan.