Itxi

ERRENTA KANPAINA

Hasi da errenta aitorpenaren kanpaina Hego Euskal Herrian

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Apirilaren 4tik aurrera onartu ahal izango dira autolikidazio proposamenak Gipuzkoan eta Bizkaian. Araban, asteartetik (apirilak 5) aurrera eta Nafarroan, hilaren 7tik.

Aste honetan hasiko da errenta aitorpena egiteko kanpaina Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Aurten, Aste Santuaren aurretik hasi eta ekainaren azken astean amaituko da aitorpena aurkezteko epea.

Gipuzkoan, apirilaren 4tik ekainaren 30era arteko epea izango dute herritarrek Ogasunak prestatutako proposamena onartzeko. Presentzialki, berriz, apirilaren 12tik ekainaren 30 arte egin ahal izango da.

Iaz, Gipuzkoako Ogasunak 5,3 milioi euroko saldo positiboarekin amaitu zuen Errenta kanpaina.

Bizkaian, epe bera izango du kanpainak: apirilaren 4tik ekainaren 30era artekoa. Epe horretan, hiru modalitateak izango dituzte zabalik herritarrek: presentziala, telefono bidezkoa eta digitala.

Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina eredu berria estreinatu zuen iaz, eta kexa ugari eragin zituen. Auzitegietan amaitu zuen gaiak, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuenez, ezin da behar inor errenta aitorpena Internetez egitera.

Araban, berriz, apirilaren 5etik ekainaren 27ra arte izango dute pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga-proposamena onartzeko edo aldatzeko aukera, online. Modu presentzialean egiteko epea, berriz, apirilaren 25etik ekainaren 17ra artekoa izango da.

Iaz, Araban aurkeztutako aitorpenen % 63 itzultzekoak izan ziren; 115,8 milioi euro, hain zuzen ere.

Nafarroan, apirilaren 7an ireki eta ekainaren 24an itxiko da prozesua digitalki egiteko epea. Presentziala, berriz, apirilaren 20tik ekainaren 24ra izango da.

Albisteak (3)