''Faktoria'' berezia
Bilbok Abandorako duen plan berezia aurten esleitzea espero du Aburtok
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Alkateak jakinarazi duenez, duela 10 egun Madrilen egon zen Garraio Ministerioko arduradunekin bilduta tren lasterra Bizkaiko hiriburura heltzeko pausoak azkartzeko asmoz.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak aurreikusi duenez, aurten bertan esleituko du Bilboko Udalak Abandorako duen plan berezia. Alkateak jakinarazi duenez, duela 10 egun Madrilen izan zela, Garraio Ministerioko arduradunekin bilduta (batzarra ez zen publiko egin), tren lasterraren inguruko pausoak azkartzeko asmotan. Ingurumaria horretan, iragarri du urte bukaera baino lehen esleituta egongo litzatekeela Udalaren eskumen den eta AHTaren geltokiaren ingurua aintzat hartzen duen plan berezia.
Bilboko Metrotik, Santimami geltokitik, ari dira egiten gaur "Faktoria" saioa eta bertan egin ditu adierazpenok Bilboko alkateak. Aburtoren esanetan, ingurumen eraginaren txostena falta da, eta uda osterako espero dute hori. Ondoren, "kapaz izango gara Abandoko plangintza esleitzeko, eta bi pauso horiekin proiektua aterako dugu. Aurten izatea da aurreikuspena".
Aste Santuaren atarian, hiria "bizi-bizi" ikusten duela aitortu du, eta "bi urte oso gogorren ostean, horrek ilusioa eta itxaropena" pizten duela. "Etorkizunari begira errekuperazio bidean gaudela ematen du", erantsi du. Hain justu, jaiegunetan Bilboko dendak zabalik egon beharko ote luketen galdetuta, horren alde azaldu da Aburto. "Ez denda guztiak, baina 3tik 1 zabalik egotea ondo legoke, korridore komertziala sortzea. Ez dakit beste leku batzuetan gertatzen dena zergatik ez den posible Bilbon".
Basurtuko Ospitaleko egoera ere hizpide hartu du alkateak, eta kirurgia kardiobaskularreko unitatea Gurutzetako Ospitalera eraman behar dutela, Bilboko erietxea "zerbitzuz husten" ari direla dioten langileei erantzun die. Horren ustez, "bi gauza ezberdindu behar dira: bata, erabaki hori hartzeko datu teknikoak, ze Araban adibidez ez dago kirurgia kardiobaskularrik, eta transplanteak ez dira erietxe guztietan egiten. Eta beste gauza bat da Basurtuk gure ospitale erreferentea izan behar duela, eta hor izugarrizko ahaleginak egiten ari gara Medikuntza Fakultatea egiteko. Ospitalea eta fakultatea jarrita izugarrizko sinergiak sortuko dira eta erreferentea izango da". Hori horrela, azpimarratu du ez duela "beldurrik Basurtuko Ospitaleak erreferentzialtasuna galtzeko".