Mobilizazioak
"Jarraipen zabala" izan du ELAk EAEko administrazioan deitutako lanuzteak, sindikatuaren hitzetan
Agentziak | Eitb Media
10:00etatik 14:00etara greba egitera zeuden deituta behin-behineko langileak. ELAk 4.500 beharginentzako "egonkortze prozesu bermatzailea" eskatzen du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) administrazioan eta bere erakunde autonomoetan (Osalan, Lanbide eta Ibaiondo) deituta zegoen lau orduko lanuzteak "jarraipen zabala" izan du, ELA sindikatuak jakinarazi duenez. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, ez du jarraipen datuen berri eman.
Administrazioan lan egiten duten behin-behineko beharginak zeuden grebara deituta (10:00etatik 14:00etara). Eguerdian elkarretaratzea egin dute Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzaren aurrean, eta langileok egonkortzeko aldarrikapenak egin dituzte. Sindikatu abertzaleak behin-behineko 4.500 langileentzako "egonkortze prozesu bermatzailea" eskatu du.
ELAren hitzetan, administrazioaren egoera "dramatikoa" da. Izan ere, ohartarazi dutenez, "lantaldearen % 57 behin-behinekoa da, eta ia % 80k hiru urte baino gehiagoko antzinatasuna du".
Enplegua prekarizatu eta arlo publikoa pribatizatzea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari, langile gehien dituzten kategorietan lan eskaintza publikoaren azken deialdia "duela 20 urte baino gehiago egin baitzen, eta langile horien batez besteko adina 55 urtekoa" delako.
Egoera iraultzeko, ELAk 4.500 lanpostuko prozesu aparteko eta bakarra eskatzen dio Jaurlaritzari, behin-behineko langileak egonkortzeko. Prozesu horretan esperientzia erabakigarria izatea eskatzen dute, bai eta zerbitzu-eginkizunetan lanpostuz aldatu direnak egonkortzea ere, betetzen ez dituzten lanpostuak eskain ditzaten. Finkatze-prozesuaren ondoren Kidego eta Eskalen Legea ezartzea galdegin dute, gainera.
ELAk salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak bi lan-deialdi martxan jartzea aurreikusten du, "baina gutxienez 900 plaza falta dira", eta uste du prozesu horiek ez dutela nahikoa berme ematen, azterketa baztertzaileak ezartzen baititu esperientzia erabakigarria izan gabe.