Lehen sektorea
Aralarko Mankomunitatearen "utzikeria" eta esne ekoizleen "egoera kaskarra" salatu dituzte EHNEk eta ENBAk
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Ordiziako (Gipuzkoa) Artzain Eguna "lehen sektorearen irudia hobetzeko" eta euren jarduera ekonomikoa sustatzeko "baliagarria" dela uste dute nekazarien sindikatuok, baina azpimarratuta "artzainek urte osoan zehar behar dutela babesa".
Gaur Ordizian (Gipuzkoa) Artzain Eguna ospatzen dela baliatuta, lehen sektorearen beharrizanak aldarrikatu nahi izan dituzte EHNE eta ENBA sindikatuek, baita "urte osoan" jaso beharko luketen babesa ere. Hala, jaiaz harago, Aralarko Mankomunitatearen "utzikeria" eta esne ekoizleen "egoera kaskarra" salatu dituzte.
Bi sindikatuon webguneetan eskegitako prentsa ohar bateratuan diotenez, "Ordizian irudikatzen den transhumantzea egiten duen mendiko artzaintzaren duintasuna" aldarrikatu beharra dago, eta horren harira, kritikatu dute "azkenaldi honetan, Aralarko mendiak Enirio-Aralar Mankomunitatearengandik jaso duen utzikeria eta axolagabekeria". Argudiatu dutenez, "mendian bizi eta diharduten artzainentzat txaboletarako inbertsioak, xehaketak eta bide azpiegiturak ezinbestekoak" dira.
Era berean, Idiazabal gazta egiteko esnea ekoizten duten artzainen "egoera kaskarra" salatu dute. Diotenez, "ekoizpen kostuak % 10-12 igo dira" baina "jasotzen duten ordainak ez du gora egin". Hala, gaztandegiek ordaindutakoak "izoztuta" daudela edota "% 2 soilik" igo dituztela jakinarazi dute.