Saioa Legebiltzarrean
Jaurlaritzak Konstituzionalera joko du murrizketen aurka
Erredakzioa
Soraya Saenz de Santamariak Osasunean eta Hezkuntzan egindako murrizketa Estatuaren eskumena dela gogorarazi dio Jaurlaritzari, eskumen hori Estatuaren "oinarrizko araudiari" dagokiola gaineratuta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Patxi Lopez lehendakariak iragarri du Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalera joko duela Espainiako Gobernuak Hezkuntzan eta Osasunean onartutako murrizketen aurka, "autogobernua" eta oinarrizko zerbitzu publikoen "berdintasun eta unibertsaltasun printzipioak" urratzen dituztelako.
Lopezek Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin du iragarpena, PSE-EEk eta PPk egindako galdera batzuei erantzunda. Hain zuzen ere, "autogobernua urratzen duten murrizketen aurka" aurkeztuko du helegitea.
Halaber, lehendakariak nabarmendu du "neurriak" hartuko dituztela murrizketok EAEn ez ezartzeko. "Denok berdinak gara gaixotasunaren aurrean", esan du.
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak osasun txartela espainiarrei eta agiriak dituzten etorkinei baino ez ematearen aldekoa den galdetu dio lehendakariari, eta gobernatzea baino, ardura nagusia Mariano Rajoyren Gobernuari oposizioa egitea izatea egotzi dio.
PPko buruaren aburuz, ez da logikoa autonomoak diren edo beste kotizazio sistematan dauden 30.000 euskal herritar osasun txartelarik gabe egotea, baina agiririk gabeko etorkinei, ordea, ematea. "Ez da arrazakeria edo xenofobia kontua, baizik eta eskubide eta obligazio kontua, kotizatzea edo ez kotizatzea", gaineratu du.
"PPren Gobernuak mundu guztia artatuko du. Osasun txartela beste kontu bat da. Eta ez egin biktimarena, zuk hiru urtetik bostera igo baituzu diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko epea, eta ez dizu inork ezer arraro deitu", esan dio Lopezi.
Hori horrela, lehendakariak etorkinei "errua botatzea" eta murrizketak zuritzeko erabiltzea leporatu dio PPri.
Patxi Lopezen esanetan, PPk esan du zerbitzu publikoak etorkinen erruz daudela arriskuan, eta hori "arduragabekeria handia" da.
Atzo, Jaurlaritzak iragarri zuen agiririk gabeko etorkinei osasun zerbitzua eskaintzen jarraituko duela, Espainiako Gobernuak osasun txartela kentzea eskatu badu ere.
Gainera, Legebiltzarrak Konstituzionalera jotzeko eskatu zion, azkenean egingo duen bezala.
Gobernuaren erantzuna
Soraya Saenz de Santamariak erantzun egin dio lehendakariak agertutako asmoari eta Osasunean eta Hezkuntzan egindako 10.000 milioi euroko murrizketa Estatuaren eskumena dela gogorarazi dio. Presidenteordearen hitzetan, eskumen hori Estatuaren "oinarrizko araudiari" dagokio.
Saenz de Santamariak lehendakariari esan dio neurri horiek defizitaren helburua betetzeko hartu direla, eta lehendakariak aplikatzen ez baditu, bere asmoen "azalpenak" eman beharko dituela.
Konstituzionalera jotzeari dagokionez, ondorengoa esan du presidenteordeak: "zalantzarik gabe, edozein administrazio publikok Konstituzioak ematen dituen tresnak erabil ditzake arau bati konstituzioaren kontrakoa izateko susmoa hartzen dionean".
Langabezia
Bestalde, lehendakariak onartu du langabeziaren datuak ez direla "onak", hilabete honetan hobetu badira ere.
Mikel Aranak (Ezker Anitza) egindako galdera bati erantzunda, Lopezek adierazi du langabeziaren aurkako borroka aurtengo "erronka nagusia" dela, eta esfortzu guztiak zeregin horretan jarri dituztela.
Langabeziaren aurkako planari dagokioez, lehendakariak aurreratu du "guztiz" indarrean dagoenean datuek hobera egingo dutela.