Hitzarmena
Greba deitu dute maiatzaren 18, 24 eta 26rako Arabako metalgintzan
Agentziak | EiTB Media
ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek sektoreko ia 25.000 langileei hiru greba egunak babesteko eskatu diete, "lan baldintza duinak lortzeko".
ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek maiatzaren 18, 24 eta 26rako greba deitu dute Arabako metalgintza sektorean, hitzarmen bat aldarrikatzeko.
Sei sindikatuetako ordezkariek greba deialdia aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzako Lan Ordezkaritzan, Gasteizen. Era berean, elkarretaratzea egin dute "Arabako metala borrokan. Hitzarmen duin baten alde" lelopean.
Sindikatuetako bozeramaileek sektoreko beharginei hiru greba egunak babestu, ekoizpena gelditu eta kalera ateratzeko eskatu diete, "lan baldintza duinak lortzeko".
SEA, "geldirik"
Azaldu dutenez, SEA patronalaren jarrera "mugiezina" aldatzea da hiru greba egunen helburua, "aitzakiak alde batera utziz eta sektorearen arazoei erantzun argiak emanez".
KPIren gainetik soldata igoerak proposatu dituzte sindikatuek, 14 ordainsariko 1.400 euroko gutxieneko soldata batekin, baita lanaldia murriztea, azpikontratako langileen subrogazioa, baimenen hobekuntzak eta hitzarmena aplikatzeko bermeak (aldebakarreko erabakiak saihestuz) ere.
Sindikatuen "muturreko" jarrera
Azken bileran, apirilaren 12an, SEAk sindikatuen "muturreko" jarrera errefusatu zuen, proposamen "irrazionala" egin zutelako. Enpresaburuen hitzetan, beharginen ordezkariek % 14ko soldata igoera eta % 100eko subrogazioa, Bizkaian dagoena baino askoz garestiagoa, aldarrikatu zuten, eta guztia urtean 24 ordu gutxiago lan egitearen truke.
Batzarrean, patronalak % 4,6ko soldata igoera proposatu zuen, % 5eko beste igoera osagarri batekin 2022-2024 epean.
Patronala eta sindikatuak maiatzaren 5ean berriro bilduko dira Lan Harremanen Kontseiluan, hitzarmenaren negoziazioan aurrerapausoak emateko saiakera berri batean.