lan gatazka
Apirila eta maiatza artean bost greba egun deitu dituzte ELAk, LABek eta ESK-k Bizkaiko garbiketa sektorean
Agentziak | EITB MEDIA
Zehazki, apirilaren 26 eta 27rako eta maiatzaren 10, 11 eta 12rako deitu dituzte lanuzteak. Soldatak 1.200 eurora igotzea eskatuko dute.
ELA, LAB eta ESK sindikatuek greba deitu dute Bizkaiko garbiketa sektorean apirilaren 26 eta 27an eta maiatzaren 10, 11 eta 12an. Beharginon lansariak 1.200 eurora (15 soldata) igotzea izango da eskakizun nagusia.
Lanuzteok iragartzeko prentsaurrekoa egin dute sindikatuetako ordezkariek, Cebek patronalak Bilbon duen egoitzaren aurrean. Azaldu dutenez, sektoreak hilabeteak daramatza mobilizatzen, eta hori gorabehera, "patronala ez aurrera, ez atzera dago negoziazio mahaian".
Hiru sindikatuok gehiengoa dute negoziazio mahaian, eta patronalaren jarreraren aurrean, greba deitzea erabaki dute.
Agerraldian beharginon lan baldintzak zeintzuk diren argitu dute sindikatuek: urteko soldatak ez dira 16.000 eurotara iristen, eta askok eta askok lanaldi partzialekin dihardute. "Soldata arrakala agerikoa da. Patronalak, ordea, ez du proposamenik egiten, eta inflazioak langileak are gehiago estutu arren, soldatak izoztuta jarraitzen dute; pandemian garbiketa funtsezkoa dela begi bistan geratu arren", salatu dute.
Ohartarazi dutenez, grebak eragina izango du garbiketako hitzarmena aplikatzen den lan zentro guztietan. Era berean, bost lanuzte horiek eragina ez badute, gehiago deituko dituztela esan dute sindikatuek.