Itxi

HAZKUNDE EKONOMIKOA

Euskadiko ekonomia % 5,7 eta enplegua % 5,0 hazi dira 2022ko lehen hiruhilekoan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Industria izan da urteko lehen hiruhilekoan portaerarik onena izan duen sektorea.

Urtarriletik martxora bitartean BPG % 1 hazi zen. Argazkia: EFE.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordina (BPG) % 5,7 hazi da urte artean 2022ko lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan zenbatetsitako urte arteko hazkundea baino puntu bat gehiago. Gainera, enpleguak % 5,0ko hazkundea izan du, Eustat euskal estatistika erakundeak eginiko hiruhileroko kontuen aurrerapenaren zenbatespenen arabera.

Bestalde, 2021eko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, BPG % 1,0 igo da aurtengo lehen hiruhilekoan. BPGk etengabe egin du gora 2020ko bigarren hiruhilekotik aurrera, covid-19aren krisiaren ondorioz aurrekaririk gabeko atzerakada izan ondoren.

Eustatek jakinarazi duenez, aurrerapen hau egin den unean eskura zegoen informazio koiunturala ikusirik, industria sektoreak izan du urteko lehen hiruhilekoan portaerarik onena.

2022rako, Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du Euskadiko ekonomia % 4,5 haziko dela, joan den martxoan egindako aurreikuspenen azken berrikuspenaren ondoren, hilabete horretara arte hazkundea % 6,7koa izatea espero baitzuen.

Halaber, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuetan neurtuta, enplegua % 0,9 gehitu da 2022ko lehen hiruhilekoan aurrekoaren aldean, eta enplegua suspertu den ondoz ondoko bosgarren hiruhilekoa izan da. Gainera, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, hazkundea % 5,0koa izan da.

Eustatek ekainaren 3an argitaratuko ditu 2022ko lehen hiruhilekoko BPGren eta enpleguaren zenbatespen bereiziak hiruhileroko kontuetan, aurrerapena egiteko unean eskuragarri ez zegoen informazio koiunturala sartu ondoren.

Albisteak (2)