''Bilakatu'' programa
Eusko Jaurlaritzak enpresen dibertsifikazioa eta birkokatzea sustatzeko dirulaguntzak bikoiztu ditu
Mikel Dominguez | EITB Media
"Bilakatu covid-19" programan hasieran aurreikusitako 25 miloi euroko sailari beste 27 gehituko dizkiote, ekonomiari laguntzeko funtsen barruan.
Eusko Jaurlaritzak "Bilakatu covid-19" programako dirulaguntzak bikoiztuko ditu, hasiera batean aurreikusitako 25 milioi euroko kontu-sailari beste 27 milioi euro gehituta, Arantxa Tapiak Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan zehaztu duenez.
Dirulaguntza horiek covid-19ak kaltetutako enpresen dibertsifikazioa eta birkokatzea bultzatzea eta enpresa horiek gaitasun berriak garatzea dituzte helburu. Tapiaren arabera, dibertsifikazioaz gain, enpresek "atzerrian ekoizten den zerbait berriro Euskadira ekartzea edo inguratzea" da helburua, "bertan ere balio-katea hurbilago izateko"; izan ere, Ukrainako gerrak eragindako hornikuntza arazoek erakutsi dute balio-katea hurbilago izateko garrantzia, sailburuaren hitzetan.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren hitzetan, 20 egunean bakarrik 117 eskaera jaso zituzten (kopuru handia, Jaurlaritzaren arabera), eta diru kupurua igo egin behar zela ikusi zuten, "ahalik eta eskabide gehienei erantzun ahal izateko".
Ukrainako gerrak ekonomian eta gizartean izan dituen ondorioei aurre egiteko Jaurlaritzak onartutako funtsaren barruan hartu dute "Bilakatu" programari, guztira, 52 milioi euro bideratzeko erabakia, "industria-arloko gaitasun berriak dibertsifikatzeko eta birkokatzeko inbertsioak gauzatzea sustatzera, hazkuntza jasangarria lortzeko eta horrek balio erantsia izan eta euskal enpresek merkatuetan duten lehiakortasuna hobetzeko".