ENPRESAK
Sindikatuek batzarra eskatu dute Gasteizko Mercedesen hitzarmenari berriro ekiteko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Lantegiaren egungo egoera "jasanezina" da, plantilla "suminduta" baitago gertatzen ari denarekin, eta ez du soldata-igoerarik izan ez urte honetarako ez iraganerako.
ELA, LAB eta ESK sindikatuek Gasteizko Mercedes Benz lantegiko enpresa-batzordearen ezohiko bilera deitu dute datorren astelehenerako, langileen batzar orokorra dei dezan, zuzendaritza hitzarmen berria negoziatzera behartzeko.
Gasteizko Mercedesen lantegiko zuzendaritzak duela hilabete jakinarazi zien sindikatuei hitzarmen kolektiboaren negoziazioa geldiaraziko zuela modelo elektriko berria multinazionalaren zein lantegitan fabrikatuko den jakin arte.
Igor Gevara Gasteizko Mercedes Benz enpresa-batzordeko presidenteak esan du lantegiaren egungo egoera "jasanezina" dela, langileak "suminduta" daudelako gertatzen ari denarekin, eta ez dutelako soldata-igoerarik izan ez urte honetan ez iraganekoan.
Gevarak esan duenez, 16 hilabeteko negoziazioen ostean, enpresak "adarra jo dio plantillari", orain egoera batean, ziurrenik zuzendaritzak "negoziazio espres" bat planteatuko du, langileei "beldurra sartuz", data jakin bat baino lehen akordio bat itxi behar dela ohartaraziz.