DSBE
Diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemaren berritasunak
M. D. | EITB Media
Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Sistemaren Legearen aurreproiektuak EAEren administrazioan integratzen du bizitzeko gutxieneko diru-sarrera, eta hura jasotzen duten kasuak zabaltzen ditu. Hauek dira proposamenaren berrikuntza nagusiak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Autonomia Erkidegoko laguntza-sistema diseinatuko duen lege berria, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistemaren Legea izenekoa, Eusko Jaurlaritzak onartu eta Eusko Legebiltzarrera bidali du, eztabaidatu eta behin betiko onar dezan.
Aurreproiektuak bizitzeko gutxieneko diru-sarrera euskal sisteman sartzen du, eta aintzat hartzen diren kasuak zabaltzen ditu, zenbatekoak hobetzen ditu eta kudeaketa "sinplifikatu eta arindu" egiten du, eredu "arinago, modernoago eta argiago" baterantz.
Hauek dira proposamenak dakartzan berrikuntza nagusiak, Eusko Jaurlaritzak berak azaldutakoaren arabera.
Hobekuntzak:
- Emakumeak: banantzeak daudenean, kontziliaziorako eta genero-indarkeriaren, salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktimentzat.
- Adingabeak: erroldatze murritzagoa eskatzen da, ez dago osagarrien mugarik eta prestazioari eusten zaio ez-betetzeak egon arren.
- Desgaitasuna duten pertsonak: erroldatzeko eskakizuna murrizten da % 33ko desgaitasuna aitortuta dutenentzat.
- Terrorismoaren biktimak: ez da antzinatasunik eskatzen erroldatzean.
- Pentsiodunak: jaso beharreko laguntzak igo dira.
- Errefuxiatuak: ez da antzinatasunik eskatzen erroldatzean.
Berrikuntza nagusiak prestazio ekonomikoari dagokionez:
- Bizikidetza-unitate arruntak eta ohiz kanpokoak zehazten dira.
- Bizileku bakoitzeko aitortutako prestazioen muga kentzen da.
- Koefiziente murriztaile bat gehitzen da etxe bakoitzeko bizikidetza-unitate bat baino gehiago dagoenean.
Aurreproiektuaren arabera, zenbatekoak urtero eguneratuko dira EAEko aurrekontuen bidez, baina oinarria bizitzeko gutxieneko diru-sarreran aitortutako bera izango da. Aurten onartuz gero, hauek izango lirateke aldaketak:
- Pertsona heldu bakar bat 727 euro jasotzetik 737,45 euro jasotzera igaroko litzateke.
- Bi heldu, 934 eurotik 983,26 eurora.
- Heldu bat adingabe batekin, 987 eurotik 1007,84 eurora.
- Bi heldu adingabe batekin, 1033 eurotik 1130,75 eurora.
- Heldu bat, bi adingaberekin, 1003 eurotik 1155,33 eurora.
- Bi heldu eta bi adingabe, 1033 eurotik 1278,24 eurora.
- Bi heldu, hiru adingaberekin, 1033 eurotik 1425,72 eurora.
- Pentsiodun heldu bat, 835 eurotik 934,10 eurora.
- Bi heldu, horietako bat pentsioduna, 1043 eurotik 1179,91 eurora.
- Hiru heldu, horietako bat pentsioduna, 1127 eurotik 1327,40 eurora.