Itxi

DSBE

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta 2023ko urtarrilaren 1ean eguneratzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak

eitb media

Leer en Castellano

Hala hitz eman die Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak gaur Legebiltzarrean egin den batzordean talde parlamentarioei.

Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua

Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak hitz eman du Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren zenbatekoak eguneratuko dizkiela 2023ko urtarrilaren 1ean, egun horretan eskubidea aitortuta duten pertsonei, baldin eta sistema arautzen duen legea 2022a amaitu aurretik onartzen bada.

Mendiak Eusko Legebiltzarrean gaur egin den batzordean eman die konpromiso horren berri talde parlamentarioei. Bilkura horretan azaldu ditu, halaber, Eusko Jaurlaritzak joan den astean onartutako Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Lege Proiektuaren xehetasunak.  

Proiektu honetan, besteak beste, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren zenbatekoa handitzea eta, egoera ahulenean dauden bizikidetza-unitateentzat, hori eskuratzeko baldintzak hobetzea jasotzen da, hala nola adingabeak eta pentsiodunak dituzten bizikidetza-unitateentzat.

Legebiltzarrarekin elkarlanean aritzeko prest agertu da sailburua, eta araua urtea amaitu baino lehen onartzeko asmoa berretsi du. EAJren eta PSE-EEren babesarekin bermatuta badago ere, lehendakariordeak talde gehiagoren babesa jasotzea espero du.

Ildo horretan, alderdiak "urtea itxi baino lehen ados jartzeko gai badira" lehen konpromisoa eskaini du Mendiak, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera zenbateko berriak data horretan eskubide hori aitortuta duten pertsonentzat aplikagarriak izan daitezen.

Mendiak berretsi du lege hau ez dela erreforma hutsa, arau "modernoagoa" baizik, "egoera zailean dauden pertsonei errazago" jartzen dizkiena eta "baliabide publikoen kudeaketa hobea" ahalbidetzen duena.

Albisteak (1)