Itxi

ELKARRIZKETA

Mitxel Lakuntza: "Sinatzen diren kontratu finkoen erdiak baino gehiago prekarioak dira"

EITB MEDIA

Leer en Castellano

ELAko idazkari nagusiaren esanetan, Espainiako Gobernuaren lan-erreforma "makillaje hutsa izan da". Horren harira, Lakuntzak esan du prekarietatea dela lan munduan dagoen errealitatea.

Mitxel Lakuntza "Egun on Euskadi" saioan. Argazkia: EITB Media.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren esanetan, Espainiako Gobernuaren lan-erreforma "makillaje hutsa izan da, sinatzen diren kontratu finkoen erdiak baino gehiago prekarioak baitira". "Lan-erreformarekin ikusi duguna etsigarria da, ez delako hitza bete, eta konfiantza eza hor dago", azaldu du.

Lakuntzak esan du prekarietatea dela lan munduan dagoen errealitatea. "Gurean prekarietatea hedatu da eta hedatzen jarraitzen du; gazteek ezin dute haurrak ekartzea pentsatu", adierazi du, eta, horren harira, etxebizitzarekin gertatzen dena "oso larria" dela esan du, prekarietateak eta espekulazioak ez dielako gazteei emantzipatzen uzten.  

"Egun on Euskadi" saioan eskainitako elkarrizketan, erronka demografikoa politika publikoen beste porrot bat izan dela salatu du, "sakoneko arazoa hor baitago, Espainiako Gobernuak jarritakoa partxe bat baino ez baita". 

Bestalde, bitarteko langileak egonkortzearen harira, udaletan eta aldundietan egingo diren iragarpenekin pozik daudela esan du, baina Jaurlaritzaren ardurapekoekin pozik ez daudela azpimarratu du. Hezkuntzan planteatzen dena, esaterako, "oso eskasa" dela uste du, eta "planteatzen denarekin ez da legea beteko", gaineratu du.

Iñigo Urkullu lehendakariarekin ELAk duen harremanaz galdetuta, Lakuntzak adierazi du harreman hori ez dela aldatu: "Lasaia da, ez garelako biltzen". Gainera, enpresariekin duen "ustezko haserrea artifiziala da", erantsi du.