Industria
Ontziolak digitalizatzen eta energia berriztagarrietarantz dibertsifikatzen lagunduko du ontzigintzako PERTEak
Mikel Dominguez | EITB Media
Raul Blanco Estatuko Industria idazkari nagusia EAEko ontzigintza eragileekin egindako bilera tekniko batean izan da, Arantxa Tapia sailburuarekin eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkariarekin batera.
Ontzigintza sektorea Berreskuratzeko eta Eraldaketa Ekonomikorako Proiektu Estrategikoak (PERTE) industria prozesuak digitalizatzen eta beste sektore batzuetara (offshore energia eolikoaren sektorera, esaterako) dibertsifikatzen lagunduko du. Izan ere, bi alderdi horietan euskal industriak "espezializazio handia" du, Raul Blanco Estatuko Industriako idazkari nagusiak ontzigintza sektoreko eragileekin egindako bilera tekniko baten aurretik azaldu duenez.
Bileran, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria ere izan dira.
Blancok ontzigintza sektoreko proiektuak mobilizatu eta industriak planteatzen dituen zalantzak eta gaiak argitu ditu, Tapiarekin batera, betiere "digitalizazioaren eta dibertsifikazioaren bide horretan".
PERTEa bereziki EAEn jarduten duten ontziola pribatuei zuzenduta dago —Zamakona, Murueta eta Balenciaga—. 2021ean eskaera-zorroan zazpi unitate gehiago sartu dituzte, eta, ondorioz, lan-karga bermatuta dute 2023ra arte, ekoizteko bost guneetan.
Industria idazkariak agindu du ontzigintzako PERTEak beharrezko aurrekontua izango duela aurkeztutako ekimen guztiei erantzun ahal izateko. 1.460 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, sektore publikoaren 310 milioi euroko ekarpenarekin eta 1.150 milioi euroko inbertsio pribatuarekin.
Sailburuak azaldu duenez, Euskal Herriko Itsas Foroa eta energiaren klusterra bi jarduerak bateratzen ari ziren ontziolen sektorea dibertsifikatzeko, ontziolek "itsasontziak eraiki eta konpontzeaz gain, offshore eolikoan lan egin dezaten", eta PERTEak eskaintzen duen "aukera" aprobetxatu nahi du horretan sakontzeko eta "baliabide horiek hainbeste behar dituzten" enpresa txiki eta ertainetara iritsi ahal izateko.
Tapiak ere baliabideak "lehenbailehen" iristea nahi du. Ildo horretan, Blancok argitu du "seihileko hau erabakigarria" izango dela. Estatu idazkariak esan du Euskadik "zeregin garrantzitsua" izango duela ontzigintzako PERTEan, baita nekazaritzako elikagaien sektorekoan ere, euskal industria bertan baitago, eta ibilgailu elektrikoaren sektorekoan, "Euskadiko enpresa handien eta enpresa txiki eta ertainen proiektu nabarmenak baitaude".
Sailburuak Naval ontziolaren lurrak aipatu ditu, horien % 50 industria-jarduerarako erabili behar baitira. Eusko Jaurlaritzaren interesa bertan ontziola bat jartzea da, eta, hain zuzen ere, offshore eolikoa egitea izango litzateke aukeretako bat.