Lehen sektorea
Arabako Mahastiak sortzeko Errioxa jatorri-izena utzi nahi duten upategiak babestuko ditu Jaurlaritzak
Agentziak | EiTB Media
Arantxa Tapia sailburuak adierazi duenez, Exekutiboak "egiteko aukera" emango die, baina erabaki "guztiz pribatu" bat dela erantsi du.
Arantxa Tapia Ekonomi Garapenerako sailburuak azaldu duenez, lurralde historikoko upategiek Arabako Mahastiak osatu nahi baldin badute, Exekutiboak horretarako "aukera" emango die, baina erabaki "guztiz pribatu" bat dela gaineratu du.
Errioxa jatorri-izenetik at, sor-marka berri bat sortzeko Arabako Mahastien espedientea bidali dio Nekazaritza Ministerioak Bruselari. Europak erabaki bat hartu baino lehen, Eusko Jaurlaritza baimena emateko prest badago, galdetu diote sailburuari, ekoizleek hala eskatuz gero.
"Upategi talde batek jatorri-deitura osatzea interesgarri ikusten baldin badu; noski, egiteko aukera emango diogu, erabaki erabat pribatua da, negozio pribatuena baita. Errioxa jatorri-izenetik ateratzeko arriskua hartu behar badute, beste sor-marka batera alde egiteko, eurak pentsatu beharko dute. Guri ekintza administratiboa soilik aurrera eramatea dagokigu", zehaztu du.
Arabako Mahastiak jatorri-izena sortzeko espedientea Europako Batzordera bidali izanak ez du Errioxa Jatorri Izena Arautzeko Kontseilua "ezustean" harrapatu, baina, "noski, nahigabetu du", Jose Luis Lapuente zuzendari nagusiak onartu duenez.
"Alderdi klandestino batean jaio den proiektu bat da, oinarri definiturik gabe, modu artifizialean, eta, ondorioz, ez luke aurrera egin beharko, Errioxa jatorri-izenaren iritziz", esan du Lapuentek.
Bestalde, Errioxa "markaren" balioa azpimarratu du Luis Planas Nekazaritza ministroak Senatuan. Ministroak Idurre Bideguren ERC-EH Bildu taldeko senatariaren galderari erantzun dio Ganberako Nekazaritza Batzordean.