SIEMENS GAMESA
Gamesaren akzio guztiak erosteko eskaintza publikoa iragarri du Siemens Energy konpainiak
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Akzio bakoitzeko 18,05 euro eskaini ditu konpainia alemaniarrak. Zamudion eta Sarrigurenen daude Siemens Gamesaren egoitzetako bi, eta lantegiak ditu, baita ere, Asteasun, Mungian eta Arazurin. Orotara, ia 3.000 langile ditu Hego Euskal Herrian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Zurrumurrua bazebilen, eta gauzatu da: Siemens Gamesa Renewable Energyren akzio guztiak bereganatzeko eskaintza publikoa egin du Siemens Energyk. Akzioen % 32,9 bereganatzea falta zitzaion konpainia alemaniarrari Gamesaren jabetza osoa izateko — egun, % 67 du jabetzan —; beraz, operazio honekin, osorik berea litzateke. Modu horretan, burtsako kotizaziotik ateratzea lortuko luke.
Gamesaren akzio bakoitzeko 18,05 euro eskaini ditu Siemens Energyk; 2022ko maiatzaren 17ko azken itxiera-prezioarekin alderatuta (14,13 euro akzioko), % 27,7ko prima da. Orain, hilabeteko epea du Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalean eskaria erregistratzeko.
Merkatuaren egungo prezioak aintzat hartuta, Siemens Gamesaren akzio guztien balioa 11.279 milioi eurokoa da. Beraz, Alemaniako taldeak 3.722 milioi euro ordainduko lituzke konpainia osoa bereganatzeko falta zaizkion akzioak (heren bat) eskuratzeko.
Operazioa aurrera badoa, Bank of America eta J.P. Morgan erakundeek finantzatuko dute; Siemens Energyk aurkeztu duen eskaintzaren arabera, 2.500 milioi inguru kapital edota antzeko finantza-tresnak erabilita jarriko ditu, eta eragiketaren gainerako zenbatekoa zorraren edota erabilgarri duten kutxaren bidez ordainduko du.
Siemens Energyk erosketa eskaintzaren berri emateko zabaldu duen komunikatuan dioenez, zuzendaritzak Gamesaren egungo arazoei eta erronkei aurre egiteko hartu dituen erabakiei lagunduko dio operazio honek, "negozioa egonkortzeko eta indartzeko neurrien bidez". Besteak beste, "produkzioan, horniketa katean edota proiektu eta bezeroen kudeaketan" izango du eragina.
Konpainiaren hitzetan, bi taldeen bat egiteak "kostuetan sinergiak" ahalbidetuko lituzke; datozen hiru urteetara begira egin duten aurreikuspenaren arabera, urtean "300 milioi euro inguruko kostu sinergiak" izan ditzake talde bateratuak.
Christian Bruch Siemens Energyren kontseilari ordezkariaren arabera, "urrats garrantzitsua" da Siemens Gamesa osorik bereganatzea, trantsizio energetikorako estrategiaren bidean.
Siemens Gamesa 2017an sortu zen, Gamesak eta Siemens konpainiaren adar eolikoak bat egin ondoren. Orduan, eskaintza publikoa egitetik salbuetsita utzi zuen konpainia alemaniarra Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak, operazioaren "industria helburua" kontuan izanda. 2020an, berriz, Siemens Energyk % 67ra igo zuen bere partaidetza Gamesan, Iberdrolaren esku zeuden akzioak (% 8) bereganatuta 1.000 milioiren truke (20 euro akzioko).
Langileak, "oso kezkatuta"
Konpainiak hiru zentro edo lantegi ditu EAEn (Zamudion, Asteasun eta Mungian), eta beste bi, Nafarroan (Sarrigurenen eta Arazurin). Langileek adierazi dutenez, hilabeteak zeramatzaten "zurrumurruak entzuten" baina erabakiak ezustean hartu ditu, larunbat gauez iragarri delako, eta erabilitako terminologiak "susmo txarrak" sortarazten dizkie: "Erabateko integrazioaren ondoren, Talde konbinatuak urtean 300 euro inguruko kostu-sinergiak izan ditzake, gutxi gorabehera. Gainera, hamarkada amaierarako ehunka milioi euroko diru-sarreren sinergiak ere espero dira" dio duela ordu gutxi aurkeztutako oharrak.
Clara Fernandez CC.OO. sindikatuko ordezkariak Zamudioko Siemens Gamesa Eolicako enpresa-batzordean argi esan du: "Gure esperientzia kontuan izanda, honelako mugimendu bat dagoen bakoitzean, kaleratzeak daude". EITB Mediari emandako elkarrizketa batean ohartarazi duenez, "oharrean sinergiei buruz hitz egiten du konpainiak eta gure esperientzian oinarrituta, konpainiak sinergia aipatzen duenean, kaleratzeak etorri ohi dira. Hori da gure kezka nagusia".
Ildo berean mintzatu da Mikel Irastorza, Asteasuko lantegiko enpresa-batzordeko LABeko ordezkaria ere. "Oraindik ez dakigu ze ondorio izango duen erabakiak Euskal Herriko langileengan baina aurrekariak ikusita, sinergiari buruz hitz egin duten bakoitzean lanpostuak galdu dira".
"Aldaketa nabariak"
Bere aldetik, Niko Cuenca ekonomialaria Euskadi Irratian izan da, erabaki horren aurrekariak eta ondorioak aletu eta azaltzeko. Horren arabera, "oso aldaketa nabariak" datoz, konpainiak akzioen % 100 erosita. "Enpresan aldaketa potolo bat egin nahi denean etxe barruan arazorik izan gabe, horrelakoak egiten dira", esan du.
Itsasoko eta lurreko sorgailuekin aritzen da enpresa, biak haize energiarekin lotutakoak. Offshore deritzon zatia (itsasoan, kostaldetik urrun dauden instalazioak) ondo funtzionatzen ari da eta, aldiz, arazoak izaten ari dira lurreko azpiegiturarekin: "dagoeneko saldu dituzte sorgailu batzuk", nabarmendu du ekonomialariak."Litekeena da hain errentagarria ez den negozio zatiari uko egitea. Hortik joko dutela uste dut. Konpainiak ez du arazorik izan nahi akziodunen artean", zehaztu du.