SIEMENS GAMESA
Siemens Gamesako langileak beldur dira erosketa-eskaintzaren ondoren "kaleratzeak etorriko ote diren"
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Clara Fernandez Zamudioko Siemens Gamesa Eolicako enpresa-batzordeko presidentea (CC.OO.) eta Mikel Irastorza Asteasuko lantegiko enpresa-batzordeko kidea (LAB) oso kezkatuta daude Siemensek Gamesaren akzio guztiak erosteko eskaintzak enpleguan eragina izan dezakeelako, "aurretik gertatu bezala".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Siemens Gamesako langileak oso kezkatuta agertu dira Siemens Energyk Siemens Gamesa Renewable Energyren akzioen gaineko erosketa-eskaintza publikoa (EEP) aurkeztu eta konpainiaren % 100arekin geratzeko asmoa iragarri ondoren.
Konpainiak hiru zentro edo lantegi ditu EAEn (Zamudion, Asteasun eta Mungian) eta beste bi Nafarroan (Sarrigurenen eta Arazurin). Langileek adierazi dutenez, hilabeteak zeramatzaten "zurrumurruak entzuten" baina erabakiak ezustean hartu ditu, larunbat gauez iragarri delako, eta erabilitako terminologiak "susmo txarrak" sortarazten dizkie: "Erabateko integrazioaren ondoren, Talde konbinatuak urtean 300 miloi euro inguruko kostu-sinergiak izan ditzake, gutxi gorabehera. Gainera, hamarkada amaierarako ehunka milioi euroko diru-sarreren sinergiak ere espero dira" dio duela ordu gutxi aurkeztutako oharrak.
Clara Fernandez CC.OO.ren idazkari nagusia denak konpainian eta Zamudioko Siemens Gamesa Eolicako enpresa-batzordeko presidente ere badenak argi esan du: "Gure esperientzia kontuan izanda, honelako mugimendu bat dagoen bakoitzean, kaleratzeak daude". EITB Mediari emandako elkarrizketa batean ohartarazi duenez, "oharrean sinergiei buruz hitz egiten du konpainiak eta gure esperientzian oinarrituta, konpainiak sinergia aipatzen duenean, kaleratzeak etorri ohi dira. Hori da gure kezka nagusia".
Bere aldetik, Javier Gonzalez Zamudioko lantokiko batzordeko presidenteak ETBri azaldu dionez, "Frankfurteko burtsan kotizatuko dugu, eta egoitza soziala haiek erabakitzen duten lekuan egongo da". "Gamesa Euskadin errotuta dagoen arren, ezkor gara egoera honen aurrean", gaineratu du. Gonzalezen ustez, "konponbidea ez da enplegua murriztea".
Ildo berean mintzatu da Mikel Irastorza, Asteasuko lantegiko enpresa-batzordeko kidea (LAB) ere. "Oraindik ez dakigu ze ondorio izango duen erabakiak Euskal Herriko langileengan baina aurrekariak ikusita, sinergiari buruz hitz egin duten bakoitzean lanpostuak galdu dira".
"Beldurra ematen du burtsatik ateratzeko erabakia zergatik hartu ote duten ere pentsatzeak, enpresa zatitu eta saltzeko? hausnartu du Irastorzak. Fenandezek garbi du egoitza "Euskaditik eta Espainiatik kanpo geratuko dela, eta horrek eragina izango duela langileengan".
Zamudioko Siemens Gamesa Eolicadko enpresa batzordeko presidenteak iragarri duenez, bilera bat eskatuko dute zuzendaritzako goi karguekin, ekintzak antolatuko dituzte Europa mailako komitearekin eta bilerak izan nahi dituzte EAEko zein Espainiako gobernuekin.
Iraganean, antzeko operazioek Estatuan 1.000 langileren kaleratzea ekarri zutela gogorarazi dute sindikatuetako ordezkariek.