Itxi

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Mitxel Lakuntzak lanpostuak egonkortzeko borondate falta aurpegiratu die EAEko eta Nafarroako gobernuei

Onintza Aiestaran | EITB MEDIA

Leer en Castellano

ELA sindikatuko idazkari nagusiaren arabera, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aldi baterako lau langiletik bakarra egonkortu nahi dute enplegu publikoa egonkortzeko aurreikusita dagoen prozesuarekin.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia Radio Euskadin. Argazkia: Radio Euskadi

Iceta Legean ezarritakoaren arabera, administrazioek ekainaren 1a baino lehen argitaratu eta onartu behar dituzte egonkortze prozesuetan eskainiko dituzten lanpostuen zenbatekoak. Testuinguru horretan, ELA sindikatuko idazkari nagusiak lanpostuak egonkortzeko borondate falta izatea aurpegiratu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketan azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aldi baterako lau langiletik bakarra egonkortu nahi dute eta behin-behinekotasun tasa ez da % 30etik jaitsiko. Horren esanetan, EAEko sektore publikoko 33.000 langile inguru eta Nafarroako 13.000 langile ezohiko egonkortze prozesu horretatik kanpo geldituko dira.

Hala ere, onartu du Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan ez bezala, egoera bestelakoa dela udaletan eta aldundietan, "ahaleginak egiten ari baitira egonkortuko diren lanpostuak ahalik eta gehien izan daitezen". ELAko buruzagiaren hitzetan, prozesua amaitutakoan behin-behinekotasuna % 6ra jaitsiko da Bilboko, Donostiako edo Gasteizko udaletan. Horregatik, uste du oso azalpen zaila duela arlo batean eta bestean egoeraren kudeaketa hain desberdina egitea.

Bestalde, kezkatuta agertu da Siemens Gamesaren egoeragatik. Gainera, parte-hartze publikoa duten enpresen inguruko gogoeta abiatzea eskatu du. Era berean, salatu du lan merkatuan geroz eta prekarietate handiagoa dagoela, bultzada publikoa geroz eta txikiagoa, eta benetako politika industriala falta dela.