Itxi

EROSKI TALDEA

Rosa Carabelek Agustin Markaideren lekukoa hartu du Eroskiren presidentetzan

I.A.E. | I.L.K. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ostegun honetan Barakaldoko BECen egindako Batzar Orokorrean utzi du Eroskiko presidente kargua Agustin Markaidek, 11 urteren ondoren. Erretiroa hartuko du arrasatearrak. Gaurtik, lehen aldiz emakume bat da kooperatibako presidente.

Agustin Markaide, Rosa Carabel eta Leire Mugerza. Argazkia: EFE

Rosa Carabel (Coruña, Galizia, 1966) izango da Eroski taldeko zuzendari berria gaurtik, kargu hori azken 11 urteotan bete duen Agustin Markaidek (Arrasate, 1957) erretiroa hartu ondoren. Martxoan iragarri zuten izendapena, eta ostegun honetan gauzatu da kargu aldaketa.

Euskal kooperatibak Ordezkarien Batzar Orokorra egin du ostegun honetan Barakaldoko BEC erakustazokan. Bazkide Langileen eta Bazkide Kontsumitzaileen kolektiboetako 500 ordezkari bertaratu dira.

Enpresa Zientzietan lizentziatua, 56 urte ditu Carabelek eta Eroskiren Sare Komertzialeko zuzendari izan ondoren, taldeko zuzendari nagusi postuan egon da iazko otsailetik. 20 urtetik gora daramatza lanean taldean, eta gaur hartu du kargu berria. Ardura hori hartuko duen lehen emakumea izango da.

Presidente eta CEO berria "harro" sentitzen da eta "konfiantza" eskertu du. Azpimarratu duenez, Eroski guztien ekarpenekin eraikitzen den proiektu kolektiboa da, "2021ean 600 kide kooperatibista baino gehiago batu dituen taldea, eta datozen bost urteetan bi mila kide berri erantsiko dituena".

Carabelek azaldu duenez, "kontsumitzaileak azkartasunez ari dira eraldatzen eta beharrezko konponbideak eman behar dizkiegu, iraganekoak ez bestelakoak. Azken urteotan, gizarteak elikadura osasungarri eta jasangarri baten aldeko apustua egin du, hurbileko produktuetan oinarritua, eta apustu hori bat dator Eroskik duela bi hamarkada baino gehiago hartutako konpromisoarekin".

Testuinguru horretan, Carabelek iragarri du Eroskik lankidetza hitzarmen berria sinatuko duela ostiral honetan Eusko Jaurlaritzarekin batera, Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorea bultzatzeko. Hurbileko produktuen kontsumo esperientzia hobetzea dugu helburu, balio sozial eta ekonomiko handikoak, kalitate handikoak eta bidezko prezio batean", gaineratu du.

Markaideren erretiratzea

Azken 14 urteotako emaitza ekonomiko onenak lortuta utziko du presidente kargua Markaidek. Hainbat krisi gainditu behar izan ditu bere agintaldian, baina 2020an 77,6 milioi euroko galera izan ondoren, iaz, 104,61 milioi euroko irabaziak lortu zituen Eroskik.

Egin dituen azken agerraldietan, arrasatearrak esan du Eroskik "aro berri bati ekiteko ordua" dela, lidergo eta proiektu berriekin. Bere hitzetan, kontsumitzaileen osasuna zaintzea eta ekoizpen-kate jasangarria bultzatzea izan dira kooperatibaren egiteko nagusiak sortu zenetik, eta horri eustea izango da etorkizuneko misio nagusia ere.

1969. urtean sortu zen Eroski taldea. Elorrion du egoitza nagusia, eta Espainiar estatuko banaketa talde nagusienetako da, 2.000 saltoki baino gehiagorekin.

Albisteak (1)