Ukrainako gerra
Gazpromek gas hornidura eten die Herbehereei, errubloetan ordaintzeari uko egin ondoren
Agentziak | EiTB Media
Lehenago, Poloniak, Bulgariak eta Finlandiak gasa errublotan ordaintzea baztertu zuten, ondoren Moskuk bere mehatxua bete eta hornidura eten zien.
Gazprom erraldoiak gaur iragarri duenez, maiatzaren 31tik aurrera GazTerra Herbehereetako enpresari gas hornidura etengo dio, Gazprombanken bidez ordaintzeari uko egin ondoren.
Gazprom Exportek GazTerrari hornidura etenaren berri eman dio, Vladimir Putin Errusiako presidentearen "dekretuak ezarritako mekanismoen bidez ordaindu arte", erraldoiak Telegramen jakitera eman duenez.
Gazpromek gogorarazi duenez, Herbehereetako konpainiak gasa errubloetan ordaintzea baztertu du. Putinen dekretua eta mekanismoak mendebaldearen zigorrei aurre egiteko neurriak dira.
Lehenago, Poloniak, Bulgariak eta Finlandiak gasa errublotan ordaintzeari uko egin zioten, ondoren Moskuk bere mehatxua bete eta hornidura eten zien.
Moskuren arabera, Errusiako gasaren atzerriko inportatzaileen ia erdiak Gazprombanken kontuak zabaldu dituzte dagoeneko, Kremlinak proposatutako eskeman ordaintzeko, dibisak errublotan bihurtzeko.
Alexandr Novak Errusiako lehen ministrordearen ahotan, neurriak "dibisen diru-sarrera, errublotan konbertsioa eta errublotan ordaintzea bermatu" nahi du.
TASS Errusiako albiste-agentzia ofizialaren arabera, 20 enpresa baino gehiagok Gazprombanken kontuak ireki dituzte jadanik, besteak beste, Eni Italiako energia konpainiak, Uniper Alemaniako partzuergoak eta Engie Frantziako enpresak.