Argindarraren prezioa
Argiaren faktura % 6 murriztuko da gasaren prezioa mugatzeko ezohiko neurria indarrean sartuta
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hala ere, kontsumitzaileak asteazkenean ordainduko duen faktura asteartekoa baino garestiagoa izango da zentral termikoei konpentsazio bat ordaindu behar zaielako, eskaera handitu baita bero boladaren ondorioz.
Argindarra ekoizteko erabiltzen den gasaren prezioa mugatzeko ezohiko neurria indarrean sartuta, argindarraren bataz besteko prezioa % 22,6 murriztuko da asteazken honetan handizkako merkatuan.
Horrela, bada, argiaren batez besteko prezioa 165,59 eurokoa izango da megawatt orduko (MWh), gaur baino 48 euro merkeago (214,05 MWh), hain justu ere, Iberiar Merkatuko Energia Operadoreak zabaldutako datuen arabera. Joan den maiatzaren 29tik izan den preziorik baxuena da.
Edonola ere, kontsumitzaileak fakturan igarriko duen beherakada txikiagoa izango da eta asteazkeneko faktura asteartekoa baino garestiagoa izango da zentral termikoei konpentsazio bat ordaindu behar zaielako, argindarraren eskariak gora egin baitu bero boladaren ondorioz.
Errekargu hori, batez beste, 59 euro/MWh-koa izango da asteazken honetan.
Gauzak horrela, erabiltzaileek 224 euro ordainduko dituzte, batez beste, megawatt orduko. Gasaren prezioari muga jartzeko ezohiko neurria indarrean izango ez balitz, faktura 237 eurokoa izango litzateke. Beraz, argindarraren prezioaren beherakada % 6koa izango da asteazkenean.