Itxi

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Eroski: "Marka zurien aldeko joera nabaria da, gehiago saltzen ari dira"

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

Agustin Markaide banaketa kooperatibako presidenteak aitortu du "oso momentu estuan" dagoela bai kontsumitzailea baita lehen sektorea bera ere: "Gu erdian gaude, ezin garesti erosi eta merke saldu. Oreka berri bat behar dugu kate osoan, katebegi bat ere galdu gabe, bestela, eten egingo da eta".

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Agustin Markaide Eroskiko presidenteak baieztatu duenez, inflazioaren kolpeak eragina du kontsumitzaileen ohituretan, eta, hala, dendetan gehiago ari dira saltzen marka zuriko produktuak. Horien "aldeko joera nabaria da", erantsi du. 

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan elkarrizketa egin diote Markaideri, Rosa Carabeli lekukoa utzi eta erretiroa hartzeko atarian. Markaide luze eta zabal mintzatu da testuinguru ekonomikoaz. Aitortu duenez, bezeroak bezala, lehen sektoreko ekoizleak "oso momentu estuan" daude, eta Eroski, banatzaile gisa, "erdian". "Ezin garesti erosi eta merke saldu. Oreka berri bat behar dugu kate osoan, katebegi bat ere galdu gabe, bestela, eten egingo da eta", arrazoitu du. Horren hitzetan, Eroskik "balioko produktuen" aldeko "apustu sendoa" egina du: "Ez gara esnea merke saltzearen aldekoak". 

Kontsumo joera berriez galdetuta, online erosketa negozioa baino, "zerbitzu bat" dela argitu du. Markaideren arabera, sarean janaria saltzeak "ez du etekinik ematen". Ondorioz, zehaztu du hori ez dela euren estrategia izango, "ez dugu asmorik bakarrik online bezeroak edukitzeko". 

"Elikagai freskoak, janari osasuntsua, hurbiltasuna eta balioarekin batera", etorkizuneko dendek jasangarritasunaren aldeko hautua egingo dutelakoan dago Eroskiko presidentea. Gero eta gehiago dira ontziratu gabe saltzen diren produktuak, kristalezko potoak berrerabiltzeko joera ere handitu da. "Erabili eta botatzeko produktuak oso erosoak izan dira, baina konturatu gara hori ez dela bidea. Ez dakit zein formulak irabaziko duen, eta erosotasuna oso garrantzitsua da. Ohitura batzuk berreskuratu beharko ditugu, eta ez da erraza izango, baina hala behar du", azaldu du. 

Mondragon Korporazioko kide den taldearen finantza egoera hizpide, Markaidek esan du zaila dela aurreikuspenak orain egitea, baina azpimarratu du euren "helburua" dela urtea ondo amaitzea, "emaitzetan eta salmentetan. Argi dago ez dela iazkoa bezalakoa izango —105 milioi euroko irabaziak izan zituen, azken urteetako onenak—". Zorrari dagokionez, nabarmendu du taldea ez dagoela egoera kezkagarrian. Azkenik, adierazi du aurten zabalduko dituzten denda berriak "merkatu kuota mantentzeko" direla, euren lehiakideen aldean nolabait "eusteko". "Mugimendu defentsiboa da ofentsiboa baino", aitortu du.

Albisteak (2)

Audioak (1)