Itxi

Bilera sindikatuekin

Siemens Gamesako CEOren hitzetan, erosteko eskaintzak "berez ez du enplegua deuseztatuko"

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Madrilen egindako ordu erdi inguruko bileran, CCOO, UGT, ELA eta LAB sindikatuek industria proiektua eta etorkizuna zein enplegua bermatzea eskatu dute. Bi aldeek irailaren hasieran berriro biltzea espero dute.

Siemens Gamesa, Zamudio (Bizkaia). Foto: EFE

Madrilen egindako bileran, Siemens Energyren erosteko eskaintza publikoak "berez enplegua deuseztatuko ez" duela esan die Jochen Eickholt Siemens Gamesako CEOk CCOO, UGT, ELA eta LAB sindikatuei. Lanpostuak arlo korporatiboetan soilik deuseztatuko direla azaldu die, orain arte defendatu bezala. Konpainiaren arazoak konpontzeko "sinkronizaturik" egotea eskatu die sindikatuei, batez ere arlo eolikoan.

CCOOko iturriek jakitera eman dutenez, ordu erdi inguruko bileran, lau sindikatuek industria proiektua eta etorkizuna zein enplegua bermatzea eskatu dute. Siemens Energyk Zamudion egoitza duen enpresaren % 32,9 erosteko eta kontrolatzeko eskaintza publikoa egin zuen.

Espainian epe ertainera enplegurik deuseztatuko ez dela agindu du zuzendariak, Espainian "argazki ona dutelako"; baina sindikatuek "kezkaturik" jarraitzen dute, konpainia "gaizki doalako", emaitzak ikusita.

CCOOren ahotan, Jochen Eickholtek "industria" profila du, "zintzoa da, eta ideiak oso argi ditu". Erosteko eskaintza konpainiarentzat "bizirauteko aukera" bat izan dela azpimarratu die. Zentzu horretan, sindikatua "kezkatuago" azaldu da negozioaren bilakaerarekin, erosteko eskaintzarekin baino.

Bi aldeek irailaren hasieran berriro biltzea espero dute, sindikatuek gaurko batzarra baino lehen "bezain kezkaturik" jarraitzen dutelako.