Itxi

Osakidetza

Igande honetan kalera ateratzeko deia egin dute sindikatuek Osakidetzaren "desegitearen kontra"

O. P. | EITB Media

Leer en Castellano

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Eusko Jaurlaritzak abiatutako "propaganda kanpaina" salatu dute, eta ziurtatu dute osasun publikoa "prekarizatzea, gainkargatzea eta murriztea" dela Exekutiboak duen plan bakarra.

Osakidetzako sindikatuen manifestazioa bat, maiatzean. EFE

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek "oso larritzat" jo dituzte Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ekainaren 8an egindako adierazpenak. Zehatzago, sailburuak iradoki zuen errealitatera egokitzeko osasun publikoan "kultura-aldaketa" beharrezkoa izango zela, errealitate hori baldintzatuta baitago, besteak beste, "profesional faltagatik".

Sindikatu horiek sailburuaren hitzen gaineko balorazioa egin dute gaur Bilbon elkarrekin eskaini duten prentsaurreko batean, eta argi utzi dute, beren hitzetan, "Lehen Mailako Arreta desegitea eta gainerako asistentzia-mailak prekarizatzea" dela Jaurlaritzaren helburua. Sindikatuen arabera, "Sagarduiren hitzak oso argiak izan ziren, argi eta garbi esan zuen osasun zentroak itxiko direla; batzuk erizainek bakarrik artatuko dituztela; ospitaleetako espezializazioan sakontzen jarraituko dutela, edo bestela esanda, gaur egun eskaintzen diren zerbitzuak itxiko dituztela, EAE osoan ospitale bakar batean eskaintzeko, eta herritarrak gehiago eta maizago mugitu beharko direla". 

Era berean, joan den ostiralean Eusko Legebiltzarrean egindako kontrol saioan Iñigo Urkullu lehendakariak egindako adierazpenak kritikatu dituzte. Jaurlaritzak "plantillak handitu, berritu eta sendotuko" zituela esan zuen lehendakariak, sindikatuen arabera, ordea, lehendakariak "benetako errealitatea ezkutatu nahi du", eta plana "prekarizatzea, gainkargatzea eta murriztea" dela esan dute. Adierazi dutenez, "uda honetan, ohi den bezala, Osakidetzak osasun zentroak itxiko ditu; beste batzuen ordutegia murriztuko du; ez ditu langile askoren oporrak ordezkatuko; are gehiago gainkargatuko ditu epe horretan lanean egongo diren langileak; eta prekarizatu egingo du herritarrei eskaintzen zaien arreta". Halaber, azpimarratu dutenez, Osasun zentro batzuetan langileak ados jarri dira eta ordutegiak moldatu dituzte udan zerbitzua ordutegi osoan eskaini ahal izateko, "inolako murrizketarik gabe".  Bada salatu dutenez, "zentro horietan ere Osakidetza ordutegi murrizketa aplikatzen saiatu da".

Hain zuzen ere, Lehen Arretako osasun-zentroetako ordutegi-murrizketak salatzeko, asteazkenean, hilak 22, kontzentrazioak eta itxialdiak egingo dituzte, 17:00etan, Gasteizko Salburuko osasun-zentroan, Donostiako Amara Prim osasun-zentroan eta Bilboko Deustuko osasun-zentroan.

Euren ustez, Gobernuak darabilen "langile eskasiaren aitzakia", erabaki politikoen emaitza da, eta "horren atzean dagoen errealitate bakarra da osasungintza publikoa indartzeko eta inbertsioa handitzeko borondate eza".

Salatu dute, halaber, Administrazioak ez duela "behin-behinekotasunarekin amaitzeko inolako borondaterik"; izan ere, adierazi dutenez, Osakidetzaren egonkortzeko LEParekin, behin-behinekotasun-tasa % 50ean mantenduko da, 3.700 plaza eskaintzen baitira, Osakidetzak aldi baterako 24.600 langile dituen bitartean.

Hori dela eta, datorren igande eguerdian Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin diete "Osakidetzako langileei eta herritar guztiei".

Albisteak (3)