Akziodunen batzarra
SEPI, SAPA eta Amberrek Indraren kontrola hartu dute, Jokin Aperribay kontseilari izendatuta
Agentziak | EiTB Media
Jokin Aperribay gipuzkoarrak, Realeko presidenteak, bozen % 53,1 jaso ditu kontseilari izateko, nahiz eta kontrako txosten bat izan. Gainera, lau kontseilari independenteren kargugabetzea bultzatu dute batzarrean.
Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatea (SEPI), SAPA Placencia eta Amber Capitalek Indra konpainiaren kontseiluko kontrola bereganatu dute, ostegun honetako akziodunen batzarrean Jokin Aperribay kontseilari izendatu eta lau kontseilari independenteren kargugabetzea bultzatu ondoren.
Amber Capitaleko ordezkari batek gai-zerrendatik kanpo zegoen eskaera egin du hitza hartu duenean, Alberto Terol, Carmen Aquerreta, Ana de Pro eta Enrique de Leyva independenteak kargugabetzeko helburuarekin. Amber Capital Indraren % 4 baino gehiagoren jabe eta Prisako akziodun nagusia da.
Era berean, Isabel Torremocha independentea ez dute berriro kontseilari izendatu. Beraz, Francisco Javier Garcia Sanz izendatu berria eta Silvia Iranzo independente bakarrak izango dira aurrerantzean.
Aperribayk bozen % 53,1 jaso ditu kontseilari izateko, nahiz eta kontrako txosten bat izan. Kargugabetzeak babestu dituen akziodunen portzentajea ia berdina izan da. Enpresaburu gipuzkoarra SAPA Placencia sortu zuen familiako kidea da.
Aperribayrekin batera, Miguel Sebastian, Antonio Cuevas, Francisco Javier Sanz eta Luis Abril berriro kontseilari izendatu dituzte, guztiak akziodunen % 90 baino gehiagok babestu dituzte.
Taldeko akziodunen % 75 baino gehiagok parte hartu dute batzarrean. Gai-zerrendako puntu guztiak onartu dituzte, tartean, kontuak, jasangarritasun txostena, soldatak edo emaitzaren aplikazio proposamena. Era berean, kontuak ikuskatzeko ardura Deloitteri eman diote berriz.
Tentsioa
Batzarrean tentsioak gora egin du, Amberreko ordezkariak lau kontseilari independenteak kargugabetzeko bozketa bat egitea proposatu duenean.
Eskakizuna justifikatzeko, konpainiak egonkortasun handiagoa eta kontseiluan "berregituratze zabalago" bat behar dituela argudiatu du Amberreko ordezkariak.
Ondoren, Alberto Terolek eta Enrique de Leyvak hitza hartu dute, erabakiak konpainiari "kalte handia" egingo diola azpimarratzeko.