Lan gatazka
Aurreakordioaren bozketako nondik norakoak, Gasteizko Mercedes-Benz lantegian
EiTB Media
Zentro bakoitzak bozketa mahaia izango du, eta txanda ezberdinetan botoa emateko denbora izango dute langileek. Gainera, beharginek boza elektronikoa emateko aukera izango dute.
Mercedes-Benz lantegiko zuzendaritzak eta enpresa-batzordearen gehiengoak (CCOO, UGT, Ekintza eta PIM) adostutako aurreakordioaren bozketa edo erreferenduma datorren astelehenean egingo dute Gasteizko enpresan. Bitartean, ELAk, LABek eta ESKk deituta, beharginek bederatzigarren greba eguna izan dute ostiral honetan. Deitzaileen arabera, tailerretako langileen gehiengoak babestu du berriro.
CCOO, UGT, Ekintza eta PIM sindikatuek jakitera eman dutenez, aurrez aurreko bozketa lantegian egingo dute 10:15etik 13:00etara goizeko txandan; 18:15etik 21:00etara arratsaldekoan eta 00:30etik 02:15era gaueko txandan. Bulego eraikinean, aldiz, 09:00etatik 14:00etara boza emateko ordutegia izango dute.
Zentro bakoitzak bozketa mahaia izango du, eta plantillako langile guztiek botoa emateko aukera izango dute.
Aurrez aurreko boza eman ahal izateko NAN, pasaportea, gidabaimena, NIE edo langile-txartela aurkeztea beharrezkoa izango da. Langileek boto-txartelak eta gutun-azalak aginte katearen bidez, lantegiko sarreretan eta bozketan mahaietan eskuragarri izango dituzte.
Gainera, beharginek boza elektronikoa emateko aukera izango dute, baina eskakizuna egiteko epea ostiral honetan 14:00etan agortu da. Epe horretatik kanpo egindako eskaerak ez dira onartuko. Sindikatuetako iturrien arabera, 559 langilek eman dute izena telematikoki bozkatzeko, ia % 10.
Appsamblea plataforman bozketa elektronikoa aurrera eramateko ordutegia 00:00etatik 24:00etara izango da, astelehenean. Bi erantzun mota soilik aurkituko dituzte beharginek: AKORDIOA BAI edo AKORDIOA EZ. Emaitzaren berri astearteko 02:30-03:00ak aldera ematea espero da.