Itxi

Gasteiz

Aurreakordioa ez babesteko eskatu die LABek Mercedeseko langileei, eta mobilizazio gehiago proposatu ditu

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Mobilizazioei eustearen eta negoziazioei berrekitearen alde egin du LAB sindikatuak, KPIri egokitutako soldaten igoera bermatze aldera. Astelehen honetan bozkatuko dute langileek Mercedeseko zuzendaritzak eta gehiengo sindikalak lotutako aurreakordioa.

Mercedes-Benzeko lantegia, Gasteizen. Argazkia: EITB MEDIA

Gasteizko Mercedes-Benzeko zuzendaritzak eta gehiengo sindikalak lotutako lan-hitzarmenaren gaineko aurreakordioaren kontra bozkatzeko eskatu die LAB sindikatuak langileei. Mobilizazioei eustearen alde egin du sindikatuak, negoziazioei berrekiteko, KPIri egokitutako soldaten igoera bermatze aldera.

ELA, LAB eta ESK sindikatuek ez dute aurreituna babestu, eta UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek osatutako gehiengo sindikalaren eta zuzendaritzaren artean lortutako aurreakordioaren kontra azaldu dira.

Ohar baten bidez LABek jakitera eman duenez, bihar aurreakordioaren aurka bozkatzeko proposatu die langileei, "mobilizazio gehiagori" ekiteko, KPIren araberako soldaten igoerak negoziatu ahal izateko, "lan-eredu berria gizatiarrago bihurtzeko", kontrataziorako irizpide objektiboak zehazteko eta kontratuak mugagabe bihurtzeko.

Langileen erosteko ahalmena bermatu nahi ez izatea leporatu dio Mercedeseko zuzendaritzari, "2021ean 62 milioi euroko mozkinak irabazita". Gainera, langileei "xantaia" egin izana egotzi dio, inbertsioak proposatuz baina erosteko ahalmena galtzearen truke.

Amaitzeko, enpresaren, "zenbait sindikaturen" eta hainbat erakunderen partetik langileak jasaten ari diren "presioak" salatu ditu LABek, eta hainbat ordezkari sindikaleri euren lana zailtzen ari zaiela.

Aurreakordioaren bozketa

Aurrez aurreko bozketa lantegian egingo dute 10:15etik 13:00etara goizeko txandan; 18:15etik 21:00etara arratsaldekoan eta 00:30etik 02:15era gaueko txandan. Bulego eraikinean, aldiz, 09:00etatik 14:00etara boza emateko ordutegia izango dute.

Zentro bakoitzak bozketa mahaia izango du, eta plantillako langile guztiek botoa emateko aukera izango dute.

Aurrez aurreko boza eman ahal izateko NAN, pasaportea, gidabaimena, NIE edo langile-txartela aurkeztea beharrezkoa izango da. Langileek boto-txartelak eta gutun-azalak aginte katearen bidez, lantegiko sarreretan eta bozketan mahaietan eskuragarri izango dituzte.

Gainera, beharginek boza elektronikoa emateko aukera izango dute, baina eskakizuna egiteko epea ostiral honetan 14:00etan agortu da. Epe horretatik kanpo egindako eskaerak ez dira onartuko. Sindikatuetako iturrien arabera, 559 langilek eman dute izena telematikoki bozkatzeko, ia % 10.

Appsamblea plataforman bozketa elektronikoa aurrera eramateko ordutegia 00:00etatik 24:00etara izango da, astelehenean. Bi erantzun mota soilik aurkituko dituzte beharginek: AKORDIOA BAI edo AKORDIOA EZ. Emaitzaren berri astearteko 02:30-03:00ak aldera ematea espero da.

Albisteak (1)

Bideoak (1)