Itxi

Gasteiz

Parte-hartze handia Gasteizko Mercedes-Benzen, lan hitzarmenaren aurreakordioaren bozketan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Bozketa telematikoa gauerdian abiatu da, eta aurrez aurrekoa 10:15etik dago eskuragarri. Sindikatuak zatituta daude eta ez dago argi zein aukeraren alde egingo duten beharginek. Emaitzak asteartean jakinaraziko dituzte.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gasteizko Mercedes-Benz lantegiko beharginak gauerdian hasi dira telematikoki (% 10ek erregistratu dute beren burua bozketa mota horretan) lan hitzarmenaren inguruko aurreakordioa bozkatzen, eta gainerakoek aurrez aurre egingo dute euren txandaren araberako ordutegian (goizekoek 10:15ean abiatu dute bozketa, eta gaueko txandakoek 02:15era arte izango dute) lantegian paratu dituzten 22 boto-kutxetan. Parte-hartzea handia izaten ari da.

Langileek bi aukeren artean—"akordioa bai" eta "akordioa ez"— egingo dute hautua, CCOO, UGT, Ekintza eta PIM (gehiengoa dute) sindikatuek eta zuzendaritzak joan den astean lortutako aurreakordioa babestu ala ez ebazteko. 

Zatiketa sindikalaren (ELAk, LABek eta ESK-k ez zuten agiria sinatu) eta orain arte egindako bederatzi greben testuinguruan egiten ari dira erreferenduma. Lanuzteek babes zabala izan dute, eta ekoizpena etenda egon da Arabako lantegian. 

Zure interesekoa izan daiteke: Mercedeseko bozketaren nondik norakoak


Itunaren sindikatu sinatzaileen hitzetan, "datozen hamarkadetarako lana bermatzen duen akordioa da, oso inbertsio garrantzitsuekin eta 400 kontratu mugagabe baino gehiagorekin". Ildo beretik mintzatu da zuzendaritza ere. Horren ustez, 2021-2026 lan-hitzarmenerako aurreakordioa "langile guztientzako oso akordio ona da". Aurreakordioak soldata-igoera aurreikusten du (% 6koa 2022rako, eta % 2,25ekoa 2023 eta 2026 artean) eta "seigarren gaua" kentzea, besteak beste.

Ohartarazpena ere bota zuen aurrekoan Emilio Titos Mercedeseko zuzendariak: langileek aurreakordioa errefusatuko balute, horrek "lantegiaren hazkundearen amaiera" ekarriko lukeela adierazi zuen. Ostiralean, langileek akordioa babestuko duten itxaropena agertu zuen, "orainaldi indartsu batetik, etorkizuna kolokan dugulako". Gaineratu zuenez, enpresa alemaniarrak ez luke ezetza ulertuko, "beste kultura bat baita".

Horri kontrajarriz, ELA, LAB eta ESK sindikatuek akordioaren kontra egin dute, besteak beste, "soldata igoerak ez doazelako KPIari lotuta eta langileek erosteko ahalmena galtzen dutelako". Hori dela eta, akordioa ez babesteko eskatu diete langileei.

Emaitzak asteartean jakinaraziko dituzte.

Albisteak (1)

Bideoak (1)