Itxi

Akordioa Mercedesen

"Esperantzazko etorkizun baten alde egindako apustua", eskertu die Mercedes-Benzeko zuzendaritzak beharginei

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Emilio Titos zuzendari nagusiak ohar batean adierazi duenez, "orain etorkizuna gure sendotasunetatik eraikitzea dagokigu, eta elkarrekin egingo dugu!".

Emilio Titos Gasteizko Mercedes-Benz fabrikako zuzendari nagusia. Irudia: EITB Media

"Etorkizun esperantzagarri baten alde egindako apustua", eskertu die Gasteizko Mercedes-Benz lantegiko zuzendaritzak beharginei; izan ere, langileek hitzarmen kolektibo berria berretsi dute galdeketan.

Emilio Titos Gasteizko Mercedes-Benz fabrikako zuzendari nagusia beharginei zuzendu zaie ohar batean. Langileen % 57k hitzarmen berriaren aldeko botoa eman dutela baieztatu du, eta % 43k kontrako boza. Parte-hartzea % 94,7koa izan da.

"Eskerrik asko guztiei erreferendumean parte hartzeagatik", esan die Titosek langileei. Aldi berean, lantegiaren "esperantzazko etorkizun baten aldeko apustua berretsi" izanagatik, "beste behin ere", zoriondu da.

"Orain etorkizuna gure sendotasunetatik eraikitzea dagokigu, eta elkarrekin egingo dugu!", adierazi du zuzendariak.

Alemaniako multinazionalaren zuzendaritzak 1.200 milioi euroko balizko inbertsioa iragarri zuen, baina bake soziala eta hitzarmen berria (2021-2026) onartzea baldintza bezala jarri zituen.