Itxi

AKORDIOA

Bere kontura ari diren langileek irabazi errealen arabera kotizatuko dute 2023tik aurrera Estatu espainiarrean

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Langile Autonomoen Erregimen Bereziaren erreforma adostu dute autonomoen elkarteek eta Gizarte Segurantza Ministerioak, eta kuota sistema berria ezarri da. Besteak beste, 2025ean, hilean 670 euro baino gutxiago irabazten duten langileen gutxieneko kuota 200 eurora jaitsiko da.

Argazkia: EITB Media

Bere kontura ari diren langileek irabazi errealen arabera kotizatuko dute 2023tik aurrera Estatu espainiarrean. Hori da Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantza Ministerioak langile autonomoen elkarte nagusienekin eta gizarte eragileekin adostu duen kotizazio sistema berriaren oinarria.

Atzo iluntzean itxi zuen Jose Luis Escriva ministroak zuzentzen duen sailak ituna UPTA eta UATAE autonomoen elkarteekin, eta, gaur goizean, Espainiako Enpresa Erakundeen Konfederazioko (CEOE) kide den ATA autonomoen elkarteak berretsi du akordioa, bere oniritziarekin.

Langile Autonomoen Erregimen Bereziaren erreforma da adostu dena, eta, bertan, besteak beste, kuota sistema berria ezarri da. Hilean irabazten dutenaren arabera kotizatu beharko dute autonomoek, besteen kontura ari diren langileek bezala. 2023an hasiko dira kotizazio sistema berria ezartzen.

"Kostata, baina iritsi da. Bart aurreakordioa erdietsi dugu autonomoen kotizazio sistema berriaren eta horien prestazioen inguruan", esan du Lorenzo Amor ATAko presidenteak, gaur goizean, Twitter bidez zabaldu duen mezu batean.

Adostutako kotizazio-taularen arabera, 2023an 670 euro baino gutxiago irabazten dituen langile autonomoen gutxieneko kotizazio-kuota 230 eurokoa izango da; 2024an, 225 eurokoa eta 2025ean, 200 eurokoa

Bestalde, hilean 670 eta 900 euro arteko etekin garbiak dituztenei ezarriko zaien gutxieneko kotizazio-kuota 260 eurokoa izango da 2023an; 250 eurokoa, 2024an eta 220koa, 2025ean.

Taularen hirugarren tartean 900 eta 1.116,70 euroko irabazi garbiak dituztenen kotizazioak daude jasota. Horiek, datorren urtean Gizarte Segurantzari ordaindu beharko dioten kuota 275 eurokoa izango da; 2024an, 267 eurokoa eta 2025ean, 260 eurokoa.

Azkeneko tartea, berriz, 6.000 eurotik gorako etekinak dituztenena da: 2023an, 500 euro; 2024an, 530 euro eta 2025ean, 590 euro ordaindu beharko dituzte, gutxienez.

Akordioaren iraupena hiru urtekoa izango da (2023, 2024 eta 2025), eta urte horietan bere irabazien arabera dagokion kotizazio-kuota edota sistemak ezartzen duen gehienezkoaren arteko kopurua ordaintzea aukeratu dezake beharginak. Hau da, taulen arabera dagokion kuoten gainetik kotizatu dezakete langileek, eta, tarte batetik bestera, bi hilabetean behin aldatzeko aukera izango dute.