Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

Iñigo Ansola (EEE): "Denok pentsatu behar dugu nola aurreztu energia gehiago"

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jaurlaritzako sail guztiek, Aldundiek, EUDELek eta Energiaren Euskal Erakundeak bilera dute ostiralean, energia-krisiari aurre egiteko neurriak aztertzeko: "Energia-eraginkortasunaren aldeko neurriak behar ditugu", esan du EEEko zuzendariak Radio Euskadin.

Iñigo Ansola EEEko zuzendaria, artxiboko irudian. Argazkia: EITB Media.

Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusi Iñigo Ansolak ostiral honetan esan duenez, administrazio publikoek, industriek eta familiek neurriak hartu behar dituzte "energia-eraginkortasunaren alde, eta energia gehiago aurrezteko". Eusko Jaurlaritzako sail guztiek, Aldundiek, EUDELek eta Energiaren Euskal Erakundeak bilera dute ostiral goizean, energia krisiari aurre egiteko neurriak aztertzea helburu: "Denok pentsatu behar dugu nola aurreztu energia gehiago", esan du EEEko zuzendariak Radio Euskadiko Boulevard saioan bilera egin aurretik.

Ansolak nabarmendu du oso garrantzitsua dela energia aurrezteko eta gas kontsumoa murrizteko neurriak hartzea, kontuan izanik Europa mailako energia krisiko testuinguruan gaudela: "Eragina nabarmentzen ari gara, dagoeneko, gasaren eta petrolioaren eratorrien prezioa igo baita". Ildo horretan, EEEko zuzendariak azaldu du, Euskadin, "gas garraiorako ditugun azpiegiturei esker", beste herrialde eta lurralde batzuk baino egoera hobean egongo ginatekeela Errusiak gas hornidura etetea erabakiko balu; hala ere, adi egoteari ez uzteko eskatu du: "Arazoaren arrazoia da energia mendekotasun oso altua dugula, eta erregai fosilen prezioak eragina du gure poltsikoetan".

Energiaren Euskal Erakundeak, zuzendariak gogora ekarri duenez, "40 urte daramatza gomendatzen zer egin behar den energia gehiago aurrezteko eta kontsumoa murrizteko; orain da abiatzeko garaia", azpimarratu du, eta zehaztu ere zehaztu du zeintzuk izan litezkeen horietako batzuk: "Klimatizazioa, birgaitzea, erakunde publikoak gero eta hobeto isolatuta izatea, mugikortasun jasangarria, edo errekuntzako-motorra ez erabiltzeko beste aukera batzuk".

"Pentsatu behar dugu nola izan gaitezkeen eraginkorragoak, eta nola aurreztu energia gehiago", adierazi du. Aurrezte horrek, gainera, diru gutxiago gastatzeaz gain, ingurumena zaintzen ere lagungarria izatea ekarriko du.

 

Albisteak (4)