Itxi

ENERGIA

Establezimenduek erakusleihoak itzali beharko dituzte 22:00etatik aurrera

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Espainiako Gobernuak energia aurrezteko premiazko neurriak onartu ditu. 2023ko azarora arte egongo dira indarrean.

Argazkia: EITB Media

Espainiako Gobernuak premiazko neurriak onartu ditu astelehen honetan, energia aurrezteko, Errusiaren Ukrainako inbasioak piztutako krisi energetikoari aurre egite aldera. Neurriok 2023ko azarora arte egongo dira indarrean. 

Besteak beste, hauek dira onartutako neurriak:

- Eraikin publikoetako berokuntza eta aire girotua mugatzea: gehienez, 19 ºC neguan, eta gutxienez, 27 ºC udan.

- Argiak itzaltzea 22:00etatik aurrera establezimenduetako erakusleihoetan eta erabiltzen ari ez diren eraikin publikoetan.

- Establezimenduetako ateak ixtea airea edo berokuntza martxan dagoenean.

- Galdaretan eta instalazio termikoetan ezohiko azterketa egitea, azkenekoz 2021eko urtarrilean egin bazen.

- Aldiriko trenak doakoak izango dira irailaren 1etik, eta Avant zerbitzuak % 50 merkatuko dituzte. Laguntza horiek irailaren 1etik abenduaren 31ra arte egongo dira indarrean, eta erabiltzaileek 10 eta 20 euro arteko bermea ordaindu beharko dute bonuak erosterakoan. Berme hori itzuli egingo diete lau hilabete horietan 16 bidaia (hilean 4) egiten badituzte.

Teresa Ribera Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroak prentsaurrekoan azaldu duenez, neurriok 2023ko azaroaren 1a arte izango dira indarrean, eta astebete barru aktibatuko dituzte.

Gainera, irailean "txoke plana" aurkeztuko dutela aurreratu du, energia aurrezteko neurri gehiago onartzeko.

Neurriok eraikuntzako instalazio termikoen erregelamenduari eta argien kodeari dagozkie. Horiek betetzen diren zaintzea autonomia-erkidegoen ardura da, eta bete ezean "aplikatuko beharreko" zehapen-araubidea ere zehazten dute.

Bideoak (1)